Intxostiapuntara joateko 10 arrazoi, gutxienez

Guaixe 2018ko urt. 21a, 13:40

Gazteendako 10 zerbitzu eskaintzen ditu Intxostiapunta Gazteguneak, doan.

Altsasuko Udalak sustatutako Intxostiapunta Gazteguneak zerbitzu bikaina eskaintzen die gazteei. Eskaintzen dituen zerbitzu guztien berri emateko kartela publikatu du Gazteguneak, Intxostiapunta, parte hartzeko 10 arrazoi lelopean.

10 zerbitzuak

Intxostiapunta, lehenik eta behin, 12 eta 30 urte bitarteko gazteendako doako aisialdi zerbitzua da. Bigarrenez, lagunekin biltzeko toki aproposa da, eta lagun berriak egiteko aukera eskaintzen du. Hirugarrenik, hezkuntza espazioa ere bada. Mota guztietako ikastaroak, tailerrak, hitzaldiak eta bestelakoak antolatzen dituzte. Laugarrenik, gazteek erabakitako ekintza guztiak jar ditzakete martxan: txapelketak, txangoak, kontzertuak… Entseatzeko tokia eskaintzen die gazteei.

Bosgarrenik, Sexgune zerbitzua dute gazteek eskura, sexualitateari buruzko aholkularitza konfidentziala. Seigarrenik, zibergela dauka eta WIFI irekia. Zazpigarrenik, ikasteko gela bat dago Intxostiapuntan, gazteek eroso ikas dezaten. Zortzigarrenik, beste zerbitzu interesgarri bat eskaintzen du: Informazio-Gunea. Denetariko informazioa jasotzeaz gain, gazte txartelak, garraio-txartelak eta beste tramitatzen dira. Bederatzigarrenik, Intxostiapuntako gelak eta zerbitzuak utzi egiten zaizkie gazteei, aurretik eskatuz gero: sukaldea, erabilera anitzetarako gelak, musika-entseguetarako gelak…Bukatzeko, Erasmus + programa interesgarriaren berri ematen da, Europako boluntariotzaren eta auzolandegien ingurukoa. Programa honi buruzko aholkuak eta informazioa jasotzeko aukera dute gazteek, eta, horretaz gain, bidaiteka zerbitzua dute, bidai aukerak aztertzeko.