Ilusioak, gogoak eta ginak badute fruitua

Guaixe 2018ko urt. 24a, 11:30

Emakumezkoen Futbol 8 mailako Altsasuk lehen garaipena lortu du, Beti Kozkorri 0 eta 1 irabazita. Gutxinaka, emakumezkoen futbola errotzen ari da gurean

Emakumezkoen bi futbol talde ditu Sociedad Deportiva Alsasuak (SDA), erregional mailakoa bata, eta Nafar Kirol Jolasen Emakumezkoen Futbol 8 mailakoa bestea. Mulier futbol taldeko jokalaria den eta egun lesio batez osatzen ari den Ane Canterok zuzentzen ditu gazteenak. “Lotailu gurutzatua eta meniskoa osatzeko ebakuntza egin zidaten eta osatu bitartean Altsasuko Futbol 8 mailako neskak entrenatzen nabil, oso gustura” adierazi digu entrenatzaile altsasuarrak.

Futbol 8 mailan, berez, 15 urtera bitarteko neskak lehiatzen dira, baina Altsasuko taldean gehienek 8 eta 10 urte bitartean dituzte. “Beste taldetan helduagoak dira, eta hori izugarri nabaritzen da adin hauetan, baina Altsasun adin horretakoak erregional mailako taldean dabiltza. Tarteka erregional mailako taldetik hiru futbolari datoz Futbol 8 mailako taldea indartzera, baina 8-10 urtekoak dira taldearen oinarria. Dena den, Futbol 8ko gure neskek ilusio handia dute. Gogoz etortzen dira entrenatzera, asteartetan eta ostegunetan. Orain arte partida ia gehienak galdu egin dituzte, baina berdin zaie. Ilusioa dute” aipatu digu Canterok. Aurtengo helburua taldea egitea zen, 8 eta 10 urte arteko neska hauek futbolean trebatzea, eta akaso golen bat sartzea, baina ligako euren lehen garaipena lortu zuten asteburuan Lekunberrin, Beti Kozkorri 0 eta 1 irabazita, eta gogoz ospatu zuten. “Oso pozik jarri ziren, pentsa!” dio Canterok. “Pixkanaka gauza politak egiten ari dira, ilusioak gauzatzen eta ilusioz beteta dagoen talde honen primerako balorazioa egiten dut” nabarmendu du.

Burlades da Emakumezkoen Futbol 8 mailako liderra. Sailkapenaren behealdean dago Altsasu, baina futbolean aritzera gogoz doazen neska hauei ez zaie inporta. Izan ere, neska hauen asmoa, guztiaren gainetik, taldean elkartu eta futbolaz gozatzea da.

Altsasuko emakumezkoen futbol taldeak sortu zirenetik, neska gehiago apuntatzen dira futbolera eta badirudi, gutxinaka bada ere, emakumezkoen futbola egonkortzen ari dela gurean.

Emakumezkoen Futbol 8 mailako Altsasu
Jokalariak: Ekiñe Aguirre (2007), Nahia Lopez de Goikoetxea (2007), Nahia Morán (2007), Izaro Ramos (2007), Lucia Andueza (2009), Maite Somocurcio (2009), Maren Huegun (2006), Eider Mazkiaran (2009), Ane Vegas (2009), June Lopez (2008), Mireia Andueza (2008) eta Lierni Irisarri Igoa (2008). Maddi Mariñelarena (2004), Naroa Barriola (2003) eta Aintzira Arretxe (2003) dira erregional mailako taldetik Futbol 8 mailakora tarteka jaisten direnak. Entrenatzailea: Ane Cantero.