Altsasuarrek 5. edukiontzia erabiltzeko izena ematen segitzen dute. Herria dauden 3.778 etxeetatik dagoeneko 718 dira materia organikoa horrela banatuko dutenak (% 19). Beste, 145 etxeetan konposta egiten dute eta 50ek auzo-konposta. Azken bi horiekin materia organikoa banatzen duten etxebizitzen kopurua % 24,16koa da. Sakanako Mankomunitateko Hondakinen Zerbitzua joan den astean hasi zen edukiontzi marroian zegoena biltzen eta “oso ongi banatuta” dagoela jakinarazi digute.
Mank-ek eta Altsasuko Udalak hitzartutakoaren arabera, urte akaberarako gaika % 65 jaso nahi dute eta horretan aparteko garrantzia du materia organikoa bereiztea, etxeetan sortzen diren hondakinen % 40tik gora delako. Helburua betetzeko Altsasuko etxebizitzen %60 gutxienez bereizi beharko luke, 2.260.
5. edukiontzia erabili nahi dutenek 900 730 450 doako telefonora hots egin dezakete. Bestela, Mank-eko hezitzaileak Baratzeko bide plazako lokomotoran izanen dira ostegunetan, 10:00etatik 13:00etara. Birziklatzen interesa dutenak han informatu daitezke, baita materia organikoa banatzeko beharrekoa den kit-a jaso ere.