La Encina Extremadurako kultur elkarteak 12. aldiz txerri hiltze ospakizuna antolatu zuen larunbatean. Hala ere, hestekiak eta bestelakoen ardura izan zuen Maria Gallardok zehaztu zigunez, “ostegunean hemen ginen batzuk, bazkaldu ondoren janen ditugun Extremadurako postreak prestatzen”. 08:00etarako hasi zen mugimendua elkartean. Jesus Cidoncha lehendakari zela abiatu zen ospakizuna eta berak azaldu zigunez, gosaria bazkariarekin ez elkartzeko lehenago hastea erabaki zuten. Hala, ogi apurrak gosaldu ondoren hilda ekarritako txerria zatitzeari. 110 kiloko aberea zatitzeaz Teodoro arduratu zen.
Gallardorekin batera Dolores Martinez, Jose Luis Cidoncha, Nicolas Fresneda, Clara Iglesias eta Cidoncha izan ziren lanean. Hainbat altsasuar gehiago, baita Iruñetik ospakizunera propio etorritakoak ere. Estreinako aldia zuten ospakizunean eta txorizoak, saltxitxoiak, odolkiak egiten edo fileteak, urdaiazpikoa, mairu-pintxoak eta bestelakoak ontziratzen gustura aritu ziren. Eguerdirako elkartera hurbildu zirenek zati batzuk dastatzeko aukera izan zuten. Extremadurar menua zuen bazkarira 115 pertsona elkartu ziren.
Bazkideak, gora
Elkarteko presidente Jokin Aranburuk azaldu digunez, “krisiaren ondoren, jendea berriro bazkide izateko izena ematen hasi da”. Elkarteko kide izan nahi dutenendako plazak badaudela jakinarazi zigun eta, bereziki gazteak izena ematera animatu zituen. Inauterien ondoren, hurrengo jarduera, martxoan ospatuko duten bazkide eguna izanen da.