Ilbeltzaren 24an egindako bilkuran Altsasuko Udalak udaletxeko arkitektura oztopoak kendu, igogailua jarri eta komunak berritzeko finantza-plana onartu zuen. 189.059,03 euroko (BEZ barne) aurrekontua dute lanek eta Nafarroako Gobernuaren Toki Inbertsio Planaren bidez 107.012,81 euro jasoko ditu udalak lan horiek egin ahal izateko. Udalak ordaindu beharreko 82.000 euroak diruzaintzako gerakinetik pagatuko du. Toki Inbertsio Planean jasoa dauden lan guztietan hala egitea erabaki zuen Altsasuko Udaleko Ogasun Batzordeak, mailegu gehiago ez eskatzeko.
Baina aipatutako lanak ez dira udaletxean eginen diren bakarrak. Teilatua konponduko dute, ur filtrazioak kentzeko eta energia eraginkortasuna lortzeko. Lan horiek Toki Inbertsio Planean jasoak daude eta 52.440,76 euroko (BEZ barne) aurrekontua du. Haietatik 22.103,12 euro udalak pagatuko ditu eta gainontzeko 30.337,64 euroak gobernuak.
Kaleak ere
Zenbait kaletako sareak, zoladura eta kanalizazioa berritzeko asmoa ere badu udalak. Lanak egin ahal izateko proiektuak idatzi behar dira eta gero lanak zuzendu. Horiek emateko deialdia egina du udalak. Interesatuek euren eskaintzak otsailaren 9ko 14:00ak arte aurkeztu ditzakete udaletxean.
Alde batetik, Amaia eta Bakea kaleetako lanen proiektua dago. Haren lizitazio prezioa (BEZ kanpo) 63.684,38 eurokoa da. Bestetik, Isidoro Melero eta Ermita kaleetako lanak daude. Proiektu horren lizitazioa 50.540,18 eurokoa da (BEZ kanpo). Altsasuko Udalak eskaintza onuragarrienari emanen dio lana. Bai erredakzio bat bai bestea egiteko 30 eguneko epea izanen du hartzaileak.
Argiteria publikoa
Altsasuko Udalak Nafarroako Gobernuaren Toki Inbertsio Plana deialdira zortzi lan aurkeztu zituen. Javier Ollo Martinez alkateak azaldu duenez, "inbertsio errealistak dira, inbertsio handiak egiteko aukera izan ez den urteen ondoren,Altsasu hobetzeko helburua dutenak".
Horietako bi herriko argiteria publikoa berritzeko diru-laguntza eskaerak ziren. Herria bitan banatu zuten horretarako. Azkenik, gobernuak bakarra laguntzea erabaki zuen. Beraz, honako tokitan berrituko da argiteria: Beikolar, Ibarrea, Ameztia, Intxostia, Altsasu institutua, Zubeztia, Beheko Benta, Ondarria eta Gurutzeko bidea. Proiektua idazteko 4.692,98 euro bideratu ditu udalak. Haietatik 2.495,04 udalak pagatuko ditu eta gainontzeko 2.197,94 euroak gobernuak. Egitasmoa idazten ari dira dagoeneko eta proiektua aurki jasoko du.
Hirigintza plan berria
Herenegun egindako bilkuran Altsasuko Udalak erabaki zuen Udal Plan Orokor berria egiteko prozesua hastea. Haren bidez herriko hirigintza arauak berrituko dira. Horretarako, aurtengo aurrekontuan 250.000 euro bideratuko dira. Halakoetan ohikoa da Nafarroako Gobernuak % 80ko diru-laguntza ematea. Gaur egun indarrean dagoen hirigintza plana 2001ekoa da. Bilkuran Lazaro Echeverria SAri Erkudengo Haitzko harrobia 2042ra arte ustiatzeko baimena luzatu zioten.
Gainera, Altsasuko Gurasoek idatzia eraman zuten. Haren bidez Altsasuko Gurasoek apirilaren 14rako Iruñean antolatutako manifestazioarekin bat egitea eskatzen zen eta udalak hala egin zuen.