Ospakizunen aurreko kinto urduritasuna

Guaixe 2018ko ots. 3a, 09:57

Bost eguneko ospakizunak astelehenean hasiko dituzte 79 kintoek. Asteazkenean atseden hartu eta gero, ostegunetik larunbatera arteko festa izanen dute. Guzti-guztiek Zortzikoa dantzatuko dute, horregatik, 18:30ean hasiko dira dantzan

Dena prest dago. Badituzte euren buruak: Sarabe Goikoetxea Mazkiaran, Kima Gallego Gartziandia, Tasio Merchan Fernandez eta Eneko Vera Sainz. Jantziak eginak. Neskendako baserritar jantzi koloretsuak eta mutilendako praka eta ator txuriak, bularraldean gurutzatzen diren koloretako zapiak eta zintadun gorosti makila. Denek ere kaikua jantzia izanen dute. Eginak dituzte, baita, albumerako argazkiak ere. 20 egunez dantzak ikasten egon dira. Eta domekan, kintoetako batzuk Santa Agedaren omenezko mezatik atera ondoren, aurreneko kalejira eginen dute.

Astelehenean 79 kintoak herrian barna banatu eta argitu aurretik, 07:00etan, eskean hasiko dira, zilarrezko erretilua luzatuz. Altsasuarren eskuzabaltasunaren esku dago haien bost eguneko ospakizuna. Kintoen laguntzaile gazteak, zahato-eramaileak Olatz Galartza Lezea eta Ander Goikoetxea Aldasoro.

Beste diru iturri bat kintoek salduko dituzten opilak dira. Halako bat saltzen duten bakoitzean, esker onez, jota eta porrusalda dantzatuko dituzte. Lortutako dirua bost egunetako bazkari-afariak ordaintzeko izanen da. Urtero moduan ospakizun gau bakoitzean taberna batek ordu txikiak arte zabalik egoteko baimena izanen du. Aurten: Arkangoa, Lezea, Xume, Koxka eta larunbatean taberna guztiek ordutegi librea izanen dute.

Dantza

Astelehenean berandu bukatuko dute diru bilketa eta berandu joanen dira bazkaltzera. Baina plazara 18:30ak aldera agertu beharko dute. Izan ere, dantzari ugari izanik, egunero gutxienez 15 kintok dantzatu beharko dute zortzikoa.

Bestalde, zilarrezko, urrezko eta platinozko kintoak ere elkartuko dira ospakizunera. Gainontzeko urteetako kintoak heldu den larunbatean dute hitzordua. Poteatzera elkartuko dira eguerdian eta asko eta asko autobusa hartuta hara eta hona mugituko dira bazkaltzera.