Larunbatean Santa Agedako kintaden bazkari, afari eta festan murgilduta egongo dira altsasuarrak. Baina igandetik aurrera txipa aldatu eta inauterietan pentsatzen hasiko dira, igandean inauteri txikia baita, asteartean herri inauteria eta hurrengo larunbatean, hilak 17, piñata eguna.
Igandean etxeko txikienak mozorrotu eta haurren maskaradan bilduko dira, 17:30etik aurrera. Xaiborrekin mozorro festaz gozatzeko parada izango dute txikienek eta gaztetxoenek, eta bukaeran Momonsuzkoren bisita izanen dute.
Astearteko herri inauteriak dira kuttunenak altsasuar askorendako. Inauteriak berreskuratzeko lan handia egin zuten altsasuarrek, duela 36 urte berreskuratu zituzten, 1982. urtean eta ordutik barrutik bizi duten festa da. Festa ikusgarria, “Turismo Intereseko Nafarroako Festa” izendatu zuen 2011ko Foru Aginduak.
Ihote altsasuarrareneko ikonoa momotxorroa da. Makina bat altsasuar hartan itxuraldatuko dira asteartean. Baina baita ihote segizioko beste hainbat pertsonaietan ere: ereintza, juan-tranposoak, maskaritak, akerrak eta sorginak, ezkontza eta matxin gaiztoak. Txikienen segizioa, ohi bezala, arratsaldez izanen da eta iluntzearekin batera, berriz, helduena.
Aurten ere, astearteko ihote-segizioa Zumalakarregi plazara iristen denean, Dantzarima dantza konpainiako kideek Akelarrea, Hamahiru taupada irudikatuko dute. Sorginen larruan sartu eta “lurraren taupadak sentituko ditugu. Bizitzaren erritmoaren mugimenduarekin gugana gerturatuko dira, beste behin, magia eta Akelarrearen dantza ekarriz”. Inauterien segizioa plazara iritsi baino lehen, berriz, dantzaren konjuruen eta musikaren bidez sorginek Altsasuko segizioko pertsonaiak lozorrotik ateratzen hasiko dira, iluntzeari, neguari, akabera emanez. Lo dagoen natura fareen soinuek eta errautsek garbituko dute, berriz emankor izan dadin.
Oharrak
Hasteko, inauterien batzordeak azpimarratu nahi izan du inauterietan ere berdintasunean bizi behar dugula festa, eta etxeko eta familiako ardurak guztion artean banatu behar ditugula. Halaber, “ezezkoak ezetz” esan nahi duela nabarmendu dute, eta “Erasorik ez” leloa bere egin dute.
Bestalde, jakinarazi dute momotxorroak eta beste pertsonaiak Zelandin janzten diren bitartean bisitariek hori ikusteko aukera izanen dutela, baina frontoira sartzeko deia egiten zaienean, Zelandiko eremutik ateratzea eskatu dute. Bestetik, gogorarazi dute ihote programazioan parte hartzea guztiz borondatezkoa dela. Horregatik, arretaz jokatzea eta segurtasun tartea gordetzea gomendatu dute. Ez udala ezta Inauteri Batzordeak ere ez du pertsonengan edota materialetan sortutako kalte edo erreduren ardura izanen. Azkenik, Zelai, Altzania eta Bakea kaleetan autorik ezin dela aparkatu gaztigatu dute.
Egitaraua
Otsailak 11 domeka: Inauteri txikia
17:30etik 19:30era Haurren maskarada Iortia aurrean. Txokolate-jatena eta mozorro festa Xaiborrekin. Akaberan, Momonsuzko.
Otsailak 13, asteartea: Herri inauteria
14:30ean Herri bazkaria, Burunda frontoian.
16:30ean Puska biltzea, Alde Zaharretik.
16:30ean Momotxorro txikien elkarretaratzea eta txokolate-jana, Zumalakarregi plazan.
17:00etan Momotxorro txikien irteera, Txaranga Txorongo eta Altsasuko Gaitariak lagunduta.
17:30ean Auzatea Gure Etxean.
18:00etan Inauteri txikiaren iritsiera Foru plazara. Ondoren, Momonzuskoa.
18:30ean Kalejira, Foru plazatik Zelandiraino.
18:30ean Torrada dastatzea, Gure Etxea eraikinean, Altsasuko elkarte gastronomikoen laguntzarekin.
18:45ean Odolaren erritoa eta herri inauteriko elkarretaratzea, Zelandin.
19:00etatik 21:00etara Dantzaldia Soni2 bikotearekin, Foru plazan.
19:30ean Herri inauteriaren irteera, Zelanditik. Txorongo Txarangak, Zangitu fanfarreak, Altsasuko Txistulari eta Gaitariek eta Xapiru trikitixa eskolak lagundua.
19:45ean Ezkontza San Juan plazan.
20:00etan Akelarrea, sugarraren boterea, Dantzarima dantza konpainiako dantzariak. Zumalakarregi plazan.
21:00etan Inauteriaren iritsiera, ezkila jotzea, dantzaldia eta mozorroak kentzea, Foru plazan.
22:00etatik 00:00etara Dantzaldia Soni2 bikotearekin, Foru plazan.