79 neska-mutilek osatzen dute aurtengo kintada. Astelehenaz geroztik beraiek dira Santa Ageda ospakizunetako protagonistak. Aurreneko egunean batzuk 05:30ean industrialdeetan eta gehienak 06:30ean eskean hasi ziren. Herria hartu zuten eta ahalegin horren fruitua izan zen bost festa egunak finantzatzeko jasotako 21.918 euroak. Diru hori Pantxika astoak eraman zuen. Haren gainean diruarendako jarritako zakutoa Maribel Mazkiaranek egin zuen eta kintoek hura aurten mustu dute. Bazkari-afarietan, parrandan joanen da dirutza, baina esker onez, astelehenetik bihar arte, 18:30etik 21:30era plazan kinto guztiek Zortziko bana dantzatuko dute. Herenegun izan ezin, atseden hartu baitzuten. Haiekin batera kinto izan zirela 25 eta 50 urte bete dituzte kintadak eta 60 urte bete dituztena festara batu ziren.
Arratsaldeko dantza saioak aspaldi gizarte gertakari bat dira. Hasi jantzietatik. Kinto askok senideren baten kinto garaiko zapi, praka, gona edo dena delakoa du. Kinto bakoitzak dantzara pertsona bat gonbidatzen du ere eta hor familia omenaldiak edo lagun arteko keinuak eta aitortzak dira nagusi. Dantzak ikustera, jakina, kintoen senideak eta lagunak joaten dira. Baina baita plazan sortutako giroa erakarritako hainbat jende ere. Aurtengo dantzako berrikuntza ere bada Zortzikoko bikote bat mistoa izan dela, gainontzekoak genero berekoek osatu baitute.
Aurtengo kintoek gaurkoa eta biharkoa dute gozatzeko oraindik. Baina bihar ez dira bakarrik egonen. Santa Ageda ospakizunera herri guztia batuko zaielako. Bakoitzak bere kintadarekin ospatuko du festa. Denak bazkaldu aurretik poteatzera elkartuko dira eta gero nor bere kintadarekin mahaira eseriko da. Altsasun guztiendako nahikoa toki ez dagoenez, askok autobusa hartu beharko dute. Bueltan festak ordu txikiak arte segituko du.