Tren azpiegituraren etorkizunari buruzko iritzi desberdinak azaltzeko balio izan zuten atzo Altsasuko Udalean aurkeztutako bi mozioak. EH Bilduk bere idatziaren bidez eskatu zuen Sustapen Ministerioak publiko egindako alternatiben kontra azaltzea udala eta ministerioari eskatzea pertsonak eta merkantziak garraiatzeko egungo trenbidearen aukerak egoki aztertzea.
Koalizioaren mozioaren alde egin zuen Goazen Altsasuk. "Faltan bota dugun bakarra herritarrei gaiaren inguruan kontsulta egiteko aipamena da". Bi taldeen aldeko bost botoekin eta Geroa Bairen eta PSNren kontrako 7 botoekin mozioa ez zen onartu.
Bigarren mozioa
Geroa Bairen mozioa izan zen onartu zena, PSNren aldeko botoekin eta EH Bilduren eta Goazen Altsasuren kontrakoekin. Onartutakoaren arabera, Altsasuko Udalak errepidetik trafikoa kentzeko pertsonak eta merkantziak distantzia txiki, ertain eta luzeetan garraiatuko duen tren konponbidearen alde egin zuen. Horretarako, "epe luzerako ikuspegia" eskatu zuen, "nahikoa gaitasun izan eta Europako oinarrizko sareko estandarrak betetzeko". Horregatik, egungo trenbidean aldirietako tren zerbitzua eta zenbait merkantzia garraiatzea proposatzen du, eta trenbide bikoitzeko prestazio handiko plataforma berria distantzia ertain eta handitan merkantziak eta pertsonak garraiatzeko izan dadila. Lanen eskumena Estatuarena dela gogorarazi eta Nafarroako Gobernuari plataforma berriaren diseinuan eta gauzatzean "ahalik eta eragin handiena izan dezan" lan egin dezala eskatu dio udalak.
PSNk azken hori hitzarmen edo kudeaketa enkargu bidez lor zitekeela gaztigatu zuen, eta ekonomia adibidetzat jarriz, azpiegitura "ezinbestekoa" dela nabarmentzearekin batera.
EH Bildu argudiatu zuen aurreikusitako azpiegiturak ez duela "ezer ez konpontzen". Hura eraikitzeko dirua egungo trenbidearen mantentzetik kenduko litzatekeela gaztigatu zuen. Egungo trenean ez dela inbertitzen nabarmendu zuen. Azpiegitura berriarekin "trenak pasatzen ikusiko ditugu, ez dira geldituko". Estatuarekin hitzarmena egin beharrean tren eskumena eskatzearen alde egin zuen.
Goazen Altsasuk galdetu zuen "Nafarroako Gobernuak badaki nafarrek behar eta nahi duten tren eredua zein den? Hala bada, jakinarazi dezala". Bestetik, "daturik baduzu ziurtatzeko lan horrek ez duela baliabideak urrituko?" Apustu egiten duten gizarte eta tren eredua argi izateko eskatu zuen, "distantzia ertain eta luzeetako loturetatik kanpo geldituz". Herrietan bizi nahia aurrerabidearekin bateragarria da, "formulak opatu behar dira".
Hitza hartu
UPNko zinegotzia plenoan ez zegoenez, ezin izan zen Sakana Trenaren Alde taldearen mozioa gai ordenean sartu ahal izan. Hala ere, bere ordezkari batek haren berri emateko aukera izan zuen. Mozioak bi eskaera zituen. Alde batetik, Espainiako eta Nafarroako Gobernuei eskatzen zaie "egungo trenaren trazatuaren hobekuntza egokiro azter dadin, egungo beharretara egokitutako tren bat lortzeko. Jendaurrean jarri diren alternatibak AHTri dagozkionak dira soilik". Horrekin batera, taldeak eskatu zuen AHTren proiektuaren tramitazioa bertan behera uztea Altsasun. Ados puntuetarako elkarrizketa bidea zabalik mantentzea eskatu zuen.