Atzo hilabete bete zen Sakanako Mankomunitateko Hondakinen Zerbitzuak Altsasun 5. edukiontziko lehen bilketa egin zuenetik. Ordutik 5. edukiontzia erabiltzeko izena eman duten Altsasuko etxebizitzak 565 dira, herrian dauden 3.778etatik % 14,95. Kopuru horri konposta etxean egiten duten 141ak eta bi auzo-konpostagailuetako bat erabiltzen duten 50ak gehituz gero, materia organikoa banatzen duten etxebizitzen kopurua % 20,01 da Altsasun.
Mank-ek eta udalak urte akaberarako gaikako bilketa Altsasun % 65ekoa izatea nahi dute. Materia organikoa etxeetan sortzen den hondakinen % 40tik gora da, horregatik, behar bezala bereiztea berebiziko garrantzia du, jarritako helburura iristeko.
Mank-eko zerbitzuko hezitzaile Beñat Agirrek jakinarazi digunez, hilabete honetan 9.000 kilo inguru materia organiko jaso dira. Hala ere, Altsasun hondakinen gaikako bilketan zein eragina duen "momentuz" ez dakitela azaldu digu, "hileroko datuak lortu ditzakegu, baina ezarri zenetik ez da hilabete osoa pasa. Bestetik, Mank-en datuak baldin baditugu ere, beste enpresek (Ecovidrio, arropa...) jasotzen dutenaren daturik ez dugu". Hala ere, aitortu du, Altsasun 5. edukiontzian jasotako materia organikoaren kalitatea "oso ona" dela eta banaketa "oso ondo" egiten ari dela.
Izena emateko
Etxeko materia organikoa gaika bildu eta gero bosgarren edukiontzian utzi nahi dutenek 900 730 450 doako telefonora hots egin dezakete. Gainera, Hondakinen Zerbitzuko hezitzaileak Baratzekobide plazako lokomotoran izanen dira ostegunetan, 10:00etatik 13:00etara. Informazioa ematen dute, izen-emateak ere eta hala egiten dutenei 5. edukiontzia erabiltzeko kit-a banatzen diete. Ostegunero 30 pertsona inguru pasatzen dira.