Momotxorroek, Juan Tramposoek, maskaritek eta herri inauterietako gainontzeko pertsonaiek natura esnatu zuten asteartean; eurak erretiratu dira eta Garizuman gauden honetan, hiri-inauteri edo piñataren txanda izango da bihar Altsasun. Lagun koadrilek azken egunotan pentsatu eta erabakitako mozorroa nola gauzatu duten ikusteko tenorea da biharkoa. Gehienak eguerdi partean aterako dira kalera, Foru plazara.
Haize Berriak bandakoek ikuskizun ederra prestatu dute: musikaren doinuei jarraiki, Gobern Catalaren desfile handia hartuko du Altsasuk. Hain zuzen ere, Kataluniak presentzia handia izango du eta Sardanas y castellets ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da. Ondoren, egun eta gau guztian barna luzatuko da piñatako parranda.
Piñatako egitaraua
Otsailak 17, larunbata
12:30 Gobern Catalaren desfile handia Haize Berriak bandarekin.
13:30 Sardanas y castellets ikuskizuna Foru plazan.
17:00 Mozorrocall Intxostiapuntan.
18:00 Inauteriaren jaitsiera Sakarangak lagunduta Intxostiapuntatik Foru plazara.
20:00-22:00 Dantzaldia Nueva Alaska taldearekin Foru Plazan.
22:00 Gazte afaria Intxostiapuntan (3 euro).
22:30-00:45 Diskoteka Intxostiapuntan.
24:00-03:00 Dantzaldia Nueva Alaska taldearekin Foru plazan.