Bardoak 2018, Nafarroako taldekako bertso ekimena pasa den ostiralean Lakuntza bisitatu eta gero, gaur, Altsasu bisitatuko du. Idoia Granizo Uribarrenak, Eneko Lazkoz Martinezek eta Unai Artieda Estangak osatzen dute Sakana Zirt taldea. Berako saioaren ondoren gaurkoa bigarrena dute. Aurreko emaitzak ezagututa, hiruko sakandarrak badaki D multzotik lehiaketaren bigarren fasera Ibardin: hiru eta lau dira zazpi taldea pasako dela. Baina etxean saio txukuna egin eta puntua bertan gelditzeko asmoz taularatuko dira.
Parean Barañaindik etorritako Patioko Banda taldea izanen dute. Makina bat bertsolarik osatzen dute taldea: Mikel Lasarte Zia, Ainara Ieregi Aranburu, Sarai Robles Vitas, Enma Murillo San Martin, Ainhoa Sabuki Arenaza, Amaia Lasheras Zapata, Zuhara Zaratiegi Lopez, Idurre Villanueva del Burgo eta Beñat Astiz Isasi. Beraz, ikusi beharko da hiru taularatzen diren. Gaurko saioko antolatzaile eta aurkezlea Jon Arratibel Irurtzun izanen da.