Gizarte Eskubideen lehendakariorde Migel Laparrak pasa den asteazkenean jakinarazi zuenez, Nafarroako Gobernuak adineko pertsonendako plaza itunduen kopurua bikoiztu egin du eguneko zentroetan. Zentro horietako bat Josefina Arregi klinika psikogeriatrikoa da.
Juan Manuel Vicente kudeatzaileak jakinarazi digunez, klinikak eguneko zentroan dituen 25 plazetatik 20 kontzertatzea eskatu zuten, baita onartu ere. Hala ere, Vicentek argi utzi nahi izan du 20 plaza horiek ez direla "berehalakoan" beteko. Azaldu digunez, "Nafarroako Gobernuak herrialde guztirako 120 plazako poltsa bat sortu du. Plaza bat husten denean, itxaron zerrendan dagoen denbora gehien daramatenek beteko dute, baina bere eskualdeko zentroan". Klinikan, momentuz, zortzi plaza asignatuta dituzte, baina kopuruak gora edo behera eginen du plazak libre gelditzen diren heinean eta eskatzaileak gertukoak badira.
Josefina Arregi klinikako eguneko zentroak jardunaldi osoko (09:30etik 17:40ra) eta erdiko (09:30etik 13:00etara) eskaintzak ditu. "Gure berezitasuna da erabiltzaile bakoitzari mediku bat izendatzen diogula. Erizain batek sendaketak egiten ditu. Gainera, gaixo badaude, etor daitezke eta tratamendua hemen jarriko diogu, medikurengana joan behar izan gabe".