Hego Euskal Herriko hainbat tokitan bezala, Altsasun ere pentsiodunak kontzentrazioa egin zuten Nafarroako Pentsionistak Martxan (NPM) taldeak deituta astelehenean. 20 bat pertsona elkartu ziren Foru plazan. Fernando Iriarte Larreak azaldu zuenez, pentsio duina eskatzeko elkartu ziren; 1.080 eurokoa izan dadila eta hori bermatzeko lege bat garatu dadila. Asmo horrekin, 7.200 sinadura bildu eta Herri Ekimen Legegilea aurkeztu zuten pasa den urtean, baina Nafarroako Parlamentuan ez zuen aurrera egin EH Bilduren eta Ahal Duguren babesa izan zuelako soilik.
Iriartek esan digunez, “hemen kotizatu dugu, pentsioak hemen kudeatzea nahi dugu. Kutxa bakarra, elkartasun kutxa… halako mezuak gainditu behar ditugu. Hori ez da egia. Nola kudeatu duten ikustea besterik ez dago. Pentsioak ez, beste gauzak pagatzeko erabili dute”. Gogorarazi zuten pentsioak ez direla ez gobernuak ezta langile aktiboek emandako “diru-sariak, pertsona aktiboa lanean aritu den urteei dagozkien diru-ekarpenak edo aktiboak dira. Horiek behar bezala kudeatu balituzte, pentsio duinak bermatzeko nahikoa diru legoke egungo eta etorkizuneko pentsioak bermatzeko”.
Igoeraz
Pentsioak % 0,25 baino gehiago igo behar direla aldarrikatu zuten kontzentrazioan, horrela galdutako erosteko ahalmena berreskuratuko delako. 2011tik % 6,5 jaitsi dela gaztigatu zuten. “2022ra arte Rajoyren Gobernuak inposatutako % 0,25eko igoera ezartzen badigute, gure erosteko ahalmena gainbehera joanen da”. Igoera hori “lotsagarria” dela salatu zuen NPMeko kideak, eta pentsiodunak gero eta behartsuagoak direla nabarmendu zuen.
Horregatik, aldarrikatu zuten pentsio-balioaren igoera kalkulatzeko Kontsumorako Prezio Indizea (KPI) erreferente gisa berreskuratzea, % 025eko igoerekin haustea eta Europako Gizarte Kartak gomendatzen duenari segituz, gutxieneko pentsioa 1.080 eurora igotzea. Aldi berean, etorkizuneko pentsioak bermatzeko Gizarte Segurantzako Sistema Propioa aldarrikatu zuten. Horregatik, gertuen duten gobernua “kontrolatzen” ahaleginduko direla gaztigatu zuen Iriartek, Nafarroako Gobernuaz ari zela. Aurrera begira “kriston lana daukagu” eta pentsiodunak “elkartasunagatik, justiziagatik eta etorkizunagatik” mobilizatzera deitu zituzten.
Pentsio funtsaren bilakaera
Urtea Milioi euro
2011 66.815
2012 63.008
2013 55.744
2014 41.634
2015 32.481
2016 15.020
2017 11.602
2018 8.095
Iturria: Nafarroako Pentsionistak Martxan.