Bilboko Arte Ederretako museoak Goya eta gorte ilustratua erakusketa zabaldu zuen larunbatean, maiatzaren 18ra arte ikusgai izanen dena. Prado Museo Nazionalak, "la Caixa" Banku Fundazioak eta Bilboko Arte Ederren Museoak elkarlanean antolatutako erakusketa da ikusgai dagoena. 96 artelan biltzen ditu, baita dokumentazioa eta dekorazio-artea ere. Goyaren lan testu inguruan jartzeko, haren lanekin batera, XVIII. mendeko beste margolari esanguratsu batzuen lanek osatzen dute erakusketa.
Pintorearen hainbat garaiko lanak ikus daitezke erakusketan eta haiek sei ataletan banatu dituzte: Zaragoza, Madril, gorte ilustratua, adiskidetasuna eta arrakasta, fintasun femeninoa XVIII.mendean eta euskal herritarren eta nafarren erretratuak. Azken horien artean daude ikusgai Francisco Goya pintoreak 1810ean margotu zituen Martin Miguel de Goicoechearen (1755-10-27 / 1825-06-30) eta Juana Galarza de Goicoechearen koadroak, mihise gaineko olioak.
Juana nafarra eta merkatarien alaba zen. Madrilen ezkondu zen 1775. urtean, Martinekin. Oihal, parpaila eta bisuteria denda bat zuten Madrilgo erdigunean, eta bere erretratuak dendaren iragarki bat ematen du; izan ere, zeta urdin apartekoa oso ederra da, eta garai hartako modako parpailadun idunekoa oso ikusgarria. Haren koadroan, beheko angeluan, eskuinaldean, sinatua eta datatua, kolore beltzeko pigmentuz: Juana Galarza andrea, Goyak egina. 1810. Margolanak 82 x 59 cm neurria du.
Nafarroako merkatari oparoa, gainera, kargu garrantzitsuak bete zituen San Carlosko Bankuan eta Filipinetako Errege Konpainian. Goyak neurritasunez irudikatu zuen, beltzez jantzita eta lanean murgilduta. Bere figurak Errenazimentuko erretratuaren duintasun soila hartzen du, eta margoaren errealismoa, ordea, Erromantizismoko estetikaren bidean dago. Beheko angeluan, eskuinaldean, sinatua eta datatua, kolore berdetsuko pigmentuz: Martin de Goicoechea jauna, Goyak egina 1810. Emaztearen koadroaren tamaina bera du horrek ere.
Koadro gehiago
Gumersinda, bikotearen bigarren alaba, Goyaren seme Javierrekin ezkondu zen, Madrilen, 1805eko garilaren 5ean. Pintoreak bere semea eta familia politikoaren arteko harreman ona sendotzeko erretratu sail bat egin zuen, kobrezko lamina borobilen gaineko zazpi miniaturez osatuta. Tamaina txikiko lanak izan arren, oso adierazkorrak dira. Margolariak hala egin zituen bakarrak dira zazpi pintura horiek.
Haren ahizpa zaharrena, Manuela (1785-1858) zen. Francisco Muguiro e Iribarrenekin ezkondu zen. Fernando VII.aren errepresioaren ondorioz Bordelera ihes egin zuten 1824an. Haren erretratua aipatu sailekoa da, Manuelak 20 urte zituenekoa. Geronima erdiko ahizpa zen, txikiena Cesarea. Sail hori egin aurretik Goyak arkatzez zirriborroak egin zituen.
Goicoechea negozio gizona, absolutismoaren kontrakoa zen eta liberalen aldeko konpromisoa hartu zuen 1820an. Horren ondorioz, 1823an erbesterako bidea hartu zuen eta Bordelera joan ziren. Han berriro Goyarekin topo eginen zuen. Erbestean bi urte egin ondoren hil zen eta han lur eman zioten. Hiru urte geroago hil zen pintorea eta panteoi berean sartu zuten. Gaur egun bien gorpuak Madrilgo San Antonio de la Florida ermitan daude.