Foruzaingoaren patroiaren eguna larunbatean ospatuko da, baina horren harira astean zehar hainbat ekitaldi antolatu ditu Nafarroako Gobernuak. Aurrenekoa atzo izan zen. Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilari Maria Jose Beaumontek Altsasu eta Elizondoko Foruzaingoaren polizia-etxeak bisitatu zituen. Harekin batera Barneko Zuzendari Nagusi Agustin Gastaminza eta Foruzaingoko buru Torcuato Muñoz izan ziren. Haiekin bat egin zuen Javier Ollo Martinez Altsasuko alkateak ere.
Foru administrazioko ordezkariek nabarmendu zuten Altsasura egindako bisitak aitortzatik asko zuela. “Eskaintzen ari diren zerbitzu handia zuzenean aitortu nahi diegu bertan lan egiten duten foruzainei”. Azaldu zutenez, gaur egun polizia-etxean 18 agente daude lanean, eta 40 beharko lukete. Horregatik, behin behinean, Iruñeatik laguntza jasotzen dute. Hutsik dauden 23 plaza horiek oinarrizko sarrera ikastaroa sarri hasiko duten 37 agenteek eta aurki deituko den lan eskaintza publikoko beste 17k beteko dituzte. Guztira 22 polizia sartuko dira horrela. Inspektore bat izendatu beharko litzateke ere. Horregatik, gaur egun bertan diren agenteei egiten ari diren ahalegina eskertu diete.
Hitzarmena
Altsasuko Udaltzaingoak hiru kide ditu gaur egun. Berriki udaltzain plaza bat oposizio bidez betetzeko deialdia egin du Altsasuko Udalak. Eta aurten bertan beste bi plaza betetzeko lan deialdi publikoa eginen du. Azken horiek joan den urtean jubilatutako bi agenteren postuak betetzeko izanen dira. Bestetik, 2014ean gobernuaren bidez ateratako hiru plazen deialdiari helegitea jarri zitzaion eta badirudi haiek argituta deialdiak aurrera eginen duela. Goiz eta arratsalde zerbitzua emateko zazpi bat agente beharko direla uste dute udalean.
Javier Ollo Martinez alkateak azaldu zuenez, kontratazioak egin bitartean Altsasuko Udalak eta Nafarroako Gobernuak hitzarmena sinatuko dute. Haren bidez, foruzainek Altsasuko udaltzainen “administraziokoak ez diren funtzio batzuk hartuko dituzte, batez ere, hiri eta errepide segurtasuna”. Alkateak jakinarazi zuenez, “aurtengo aurrekontuan 72.000 euroko diru saila aurreikusi dugu. Asmoa da diru kontuak martxoan onartzea. Apirilean edo behin betiko onartzen badira, orduan sinatuko dira eta ordurako urtearen heren bat pasa denez, kopurua txikiagoa izanen da”.
650 gertakari penal
Altsasuko polizia-etxean horiek tramitatu ziren joan den urtean, foruzainek ofizioz edo herritarrek abiaraziak. Kopuruak gora egin duela jakinarazi zuten. Horretaz aparte, toki erakundeak ere laguntzen dituzte: jakinarazpenetarako laguntza administratiboa, hiri segurtasuneko laguntza, araudiaren inguruko kontsultak.
Genero indarkeriako 30 kasu zabalik
Horiek dira gaur egun Altsasuko polizia-etxetik jarraipena egiten ari diren kasuei. “Hasi ginenetik kopuru handiena da. Nahikoa kasu dira. Horiek kudeatzeaz lau polizia arduratzen dira”. Hain zuzen ere, polizia-etxean egiten ari diren egokitzapen lanak, herritarrei arreta hobea eskaintzeko da, bereziki genero indarkeria kasuetarako.
Eremua
Altsasuko polizia-etxetik Foruzaingoak Leitza, Araitz, Olloibar, Goñibar eta Ziordia bitarteko eskualdea hartzen dute.
Suhiltzaileak
Foruzainen ondoan suhiltzaileen egoitza dago. Haiek langile gehiagoren premia aldarrikatu zuten, 340tik 388ra pasatzea hain zuzen ere. Beaumontek azaldu zuenez, gobernuak sindikatuekin adostu zuen hiru urtetan 100 plaza ateratzea. Azaldu zuenez, 30 sartu ziren, 15 udazkenerako sartuko dira eta martxoan 17 plaza aterako dira. “Argi dago hurrengo deialdian kopurua handitu beharko dela”.
Kaminero bi etxeen egiteko berria
Gozogintza eskola hartu zuen eraikinean egokitzapen lanen lehen zatia egin zen joan den urtean. Lanak guztiz despeditzean Altsasuko enplegu bulegoa han jarriko da. Haren hegoaldean dagoen eraikinaren beheko solairuan etxegabeen aterpe berria egonen da. Gizarte Eskubideen Departamentuaren aurtengo aurrekontuan 50.000 euro daude lan horretarako. Alkateak azaldu zuenez, “2017ko kontuak ixten ditugunean, diru-zaintzako gerakina zenbatekoa den dakigunean, baloratuko dugu lana egin dezakegun edo ez. Toki azpiegitura planeko lanak daude ere eta ikusi behar nola planifikatzen dugun”.