Altsasuko Udalaren 20.000 euro zertara bideratuko dira?

Guaixe 2018ko ots. 23a, 11:11

Altsasuko Udalak martxoaren 1etik 23ra herritarren proposamenak jasoko ditu. Bideragarrienak direnak aukeratu eta horietatik zein eginen den altsasuarrek erabakiko dute boto bidez, maiatzaren 16tik 30era

Altsasuko Udaleko Parte hartze Batzordeak aurrekontu parte-hartzaileak sustatzea erabaki du. 2017ko diruzaintzako gerakineko 20.000 euro zertara bideratu aukeratuko dute altsasuarrek.

Udal eskumenekoak diren arloetan, izaera sozialeko eta interes publikoko inbertsioak egiteko proposamenak aurkeztu ditzakete altsasuarrek, 16 urtetik gorakoek. Izaera sozialari dagokionez, herritarrei orokorrean edo beharra duten babesgabeko gizarte sektoreei  eraginen dieten proiektuak izan behar dute.

Herritarrek euren proposamenaren berri ematerakoan memoria labur bat aurkeztu beharko dute (500 hitz baino gutxiago), eta argazkiz, taulez, eskemez edota marrazkiz lagundu dezakete. Proposamenak propio sortutako inprimakietan idatzi beharko dira. Haiek udaletxean eta udal web orrian eskuragarri egonen dira. Proposamenak aurkezteko epea martxoaren 1etik 23ra izanen da.

Hautaketa
Parte hartze batzordeak jasotako proposamenak aztertuko ditu eta deialdiarekin bat egin eta bideragarriak direnak aukeratuko ditu. Horien artean aukeratu ahalko dute altsasuarrek maiatzaren 16tik 30era eginen den bozketan.

Boto eskubidea duten pertsonek boto bakarra emanen dute. Hartan, gehienez ere hiru proposamenen alde egiteko aukera izanen du, 3, 2 eta 1 puntu emanez. 3 puntu gogokoen den proposamenari emanen zaio. Botoa emateko aukera udaletxean, kultur guneko ezkaratzean eta udalaren web orrian izanen da. Bozketaren ondoren berdinketa izanen balitz batzordeak aukeratuko luke. Aukeratutako inbertsioa aurten eginen da eta udalaren web orriaren bidez haren garapena ikusteko aukera izanen da.

Parte hartze prozesuan erabiliko den diruari dagokionez, udalak abenduren 18an egindako bilkuran aurtengo zergak zehaztu zituen. Hiri kontribuzio zerga % 1,5 igoko da eta, ondorioz, aurten udalaren diru sarrerak 17.327,22 euro handitzea espero da. Udalak akordio berean erabaki zuen aparteko diru sarrera hori, diru-zaintzako gerakinaren bidez, inbertsiora bideratuko zela herritarren parte hartze prozesu baten bidez. Kopurua borobildu eta 20.000 euro bideratuko ditu udalak.