Bidegorri bat egiteko eskatuz 1.251 sinadura aurkeztu dizkiote Altsasuko Udalari. Otadian dagoen bidegorria luzatzea eskatzen da. Batetik, Dantzalekuko kirol guneraino eta, bestetik, Altsasu instituturaino eta Iñigo Aritza ikastolaraino.
Udalean proposatutakoaren arabera, basorantz joaten den egungo bidearen eskuin aldean, paralelo, eraikiko litzateke bidegorria, 2,5 metroko zabalera lukeena. Basamuturreko bidegurutzeraino horrela joanen litzateke. Handik Dantzalekura bidegorria ezkerraldetik egitea proposatzen da. Ikastetxetarako adarra, berriz, institutu arteko errepideraino eskuinetik eginen litzateke lehenik eta gero ezkerretik segitzeko. Basamuturko zubia gaur egungo errepiderako denez, hura zabaltzeko beharra jotzen da.
Pedro Jose Arregi Mugika izan da sinadurak bildu eta aurkeztu dituena. Zinegotzi zela udalaren ordezkari izan zen institutuan eta hala jakin zuen bidegorriaren premia zegoela. "Gainera, bidegorri sare zabalago baten zati izan daiteke". Horregatik, lehen eskaera joan den urteko irailaren 8an egin zuen. Eskaera harri hilaren 12an egindako gehitu zion. Dokumentazio gehigarriarekin batera, aipatutako babes sinadurak aurkeztu zituen. Haiek lortzen lagundu dioten dendari eta herritarrei eskerrak eman dizkie.
Babes gehiago
Altsasu institutuko eta Iñigo Aritza ikastolako ordezkariek herenegun egin zuten eskaera Altsasuko Udalean: "herria ikastetxeekin eta Dantzalekurekin bidegorri bidez lotzeko egiten ari diren sinadura bilketarekin bat egiten dugu". Bi ikastetxeek idatzi berean, ibilbidean dagoen argiteria publikoa eskasa dela eta ibilbidea egoki argiztatzea eskatu dute. Institutuarekin eta ikastolarekin batera Sociedad Deportiva Alsasuak eta Dantzaleku Sakana klubak egin dute eskaera.
Ikastetxeen idatzian jasotzen denez, bai haiek dauden tokia bai Dantzaleku "aparteko garrantzia dute eskola, aisialdi eta eskolaz kanpo jardueretarako, horregatik, egunero, edozein ordutan, jendearen joan-etorriak daude bai ikastetxeetara, bai kirol gunera".
Gaineratu dutenez, "ikastetxeetan gazteek ingurumena errespetatzeko eta osasun ohiturak hartzeko lan egiten dugu, auto partikularraren erabilera mugatzeko eta bide segurtasuna bermatzeko". Euren lana "kontraesanez beteta" ikusten dute, "gutxieneko bide segurtasuna falta dagoelako. Egoera bestelakoa balitz, joan-etorriak oinez edo bizikletan egitea sustatuko genuke".