Ez da hasi eta buka egiten den antzezlan bat. Hiru mikro antzerki lanez osatutako obra da Pulgas. Eta hirurek euren artean elkarrizketa egiten dute. Pez Limbok hiru ezohiko gertaera ohiko lekuetara ekarri eta komedia eta drama sozialaren arteko istorio sinestezinak sorraraziko ditu. Gainera, publikoak antzerkia gertutik bizitzeko aukera izanen du. Izan ere, publikoa bitan banatuko da eta batek obra bat, ¿Espinazo o callos? ikusten duen bitartean besteak beste bat, mama Gallina, ikusiko du. Eta emanaldi horien akaberan, aldatu eginen dira. Bukatzean ikusle guztiak elkartu eta hirugarren emankizuna, Boxers, elkarrekin ikusteko aukera izanen dute.
Aurreneko piezan, ¿Espinazo o callos?, Raul Caminok harakinarena eginen du eta Begoña Martin Treviño bezeroa izanen da, bere konfiantzazko harakinari ezohiko zerbait eskatuko diona. Jendaurrean, egoera konprometitua izanen da harategian eta beste bezeroak “inprobisatutako sarraski” baten lekuko izanen dira. Umorezko pieza, garratza, xamurra eta poesia duena.
Mama Gallina pieza Silvia Martinek eta Edu Hernandok jokatuko dute. Aurrena bere semearekin lotura handia duen ama da; bigarrena, berriz, toki okerrean dagoen medikua. Haurdunaldi luze baten istorio laburra jokatuko dute, umorez. Eta, despeditzeko, Boxers antzezlana jokatuko dute Raul Caminok eta Edu Hernandok. Biak, ezustean, zeregin klandestino batean sartuak ikusiko dute euren burua, diru “erraza” lortu edo makurraraziak izateko. Oso gutxirekin, show on bat eskaintzeko ahalegin guztia eginen dute.