Ehun bat pertsona elkartu ziren Altsasuko udaletxe parean atzo 19:00etan. Whatsapp bidez zabaldutako deialdiari erantzun zioten guztiek. Kalean kexu agertu ziren Espainiako Gobernuak pentsioak 2022ra arte urtero % 0,25 igotzeko erabakiarekin. Horregatik, gobernua egin zuten pentsiodunen eros ahalmenaren galeraren erantzulea. Bost urteetan % 10ekoa izan daiteke galera. Erabaki horrek makina bat pentsiodun “egoera prekarioan” uzten dituztela gaztigatu zuten. Eta belaunaldi gazteendako “egoera gogorragoa izanen dela” nabarmendu zuten. Eta gobernua pentsio publikoen kontrako “azken kolpea” prestatzen ari denaren susmoa azaldu zuten.
Atzoko protestaldian pentsio publikoak eta duinak eskatu zituzten kontzentratuek. Horretarako, pentsioak gutxienez Kontsumorako Prezioen Indizearen (KPI) arabera gaurkotzeko eskatu zuten. Europako Gutun Sozialak aholkatu bezala 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ezartzea eskatu zuten. Kalera ateratzen segitzeko asmoa agertu zuten. Hurrengo hitzordua ostiralean da, 12:00etan, Zumalakarregi plazan.