Altsasuko sexu-erasoagatik zigorra 6tik 4ra jaitsi dute

Guaixe 2018ko mar. 1a, 16:46
Sexu erasoa ssalatzeko bilkura jendetsuak egin ziren.

Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenak bortxaketa beharrean sexu-abusua dela ebatzi du.

2016ko otsailaren 6ko goizaldean, kinto ospakizunetan, izandako  sexu erasoagatik Nafarroako Lurralde Auzitegiko 1. epaitegiak J. C. R. altsasuarrari sexu erasoagatik, bortxaketagatik, 6 urteko espetxe zigorra ezarri zion. Helegitea jarri zuen eta Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenak gaur jakinarazi duenez, gertatutakoa sexu abusutzat du eta ez bortxaketa gisa, "indarkeriarik eta beldurrarazterik izan ez zelako". Epaileek onartzen dute "biktimak ez zituela erlazioak onartu, akusatuaren bat-bateko erasoagatik eta aurretik edandako alkoholagatik menperatua izan zen". Horregatik, gizonezko altsasuarrari espetxe zigorra 6tik 4ra jaitsi dio.

Hala ere, aurreko epaian ezarritako neurriei eusten die Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenak: zaindutako askatasunezko 5 urte, erasotutako emakumezkoari 25.000 euroko kalte-ordaina pagatzea eta harengandik 300 metro baino urrutiago 11 urtez egotera zigortu du, eta lesio arinak eragiteagatik 270 euroko isuna pagatzera zigortu du ere. Epaiari Espainiako Auzitegi Gorenean helegitea jartzeko aukera dago.