Udaberriko Aisiz Blain parte hartu nahi duzu?

Guaixe 2018ko mar. 2a, 08:57

Izena ematea zabalik dago gaurtik hurrengo ostiralera bitartean, doako 012 telefonora hots eginez edo udalaren web orrian sartuz, www.altsasu.net

Gezurra badirudi ere, ate joka dago Aste Santua. Ikasleek oporrak hartu eta lana eta familia bizitza bateragarri egitea zail egiten da etxe batzuetan. Horregatik, Altsasuko Txantxari udal ludotekak, atzera ere, Aisiaz blai programa prestatu du Aste Santurako, apirilaren 3, 4, 5 eta 6erako, hain zuzen ere. Klaserik ez dagoen egun horietan Labadero eraikinean dagoen Txantxari ludotekak ateak zabalduko ditu 3 eta 12 urte artekoendako neska-mutilendako  Goizez izanen da eta bi ordutegi eskaini ditu: 8:30etik 13:30era edo 11:00etatik 13:30era. Lehen ordutegia beteko ez balitz bigarrena sortuko litzateke. Ludotekatik jakinarazi dutenez, plazak mugatuak dira. Inskripzioa egiteko 012 telefonora deitu behar da edo www.altsasu.net web orriaren bidez egin behar da, martxoaren 9ra bitartean.

Hobariak
Matrikulan pagatu beharrekoa familien diru sarreren araberakoa izanen da. Udalak lau errenta tarte zehaztu ditu, baita hobariak ere. Martxoaren 13an jakinaraziko du udalak zein eskaera onartu dituen, eta ezeztapen, erreklamazio edo dokumentazioa aurkezteko epea martxoaren 13tik 16koa izango da, ludotekan edo udal bulegoan. Izan ere, onartutakoren batek hobaria eskatu nahi badu, errenta aitorpena aurkeztu beharko du ludotekan edo udaleko bulegoetan, aipatu data horretan. Behin betiko onartuen zerrenda martxoaren 20an publikatuko da eta ordainketa epea martxoaren 20tik 23ra bitartekoa izango da.