Haize Berriak bandak eta musika ikasleak elkarrekin

Guaixe 2018ko mar. 3a, 09:34

Hazi eta hezi musikaz kontzertua eskainiko dute larunbatean, 19:30ean, Altsasuko Iortia kultur gunean

Bost urteko etenaren ondoren joan den urtean berreskuratu zen Haize Berriak bandak musika eskoletako ikasleekin kontzertua egitea. Aurten ibarreko bandarekin Irurtzun, Lakuntza, Etxarri Aranatz eta Altsasuko musika eskolako ikasleek eskainiko dute kontzertua. Emanaldi horren bidez, bandaren eta musika eskolako ikasleen arteko lotura sendotu nahi da, haiek izanen baitira etorkizuneko bandako kideak. Gainera, ikasleek musika formazio handi bateko oholtza partekatzeko  esperientzia bizitzeko aukera izanen dute.

Bandako kideekin batera 20 bat ikasle izanen dira kontzertua emanen dutenak; honako instrumentuak jotzen dutenak: saxofoia, klarinetea, bateria, zeharkako txirula, tronboia eta  bonbardinoa. Haiek eta Haize Berriak bandak filmetako musikaz osatutako errepertorioa eskainiko dute. Jendaurrean emanen dituzten piezen artean daude: The pink panter, Hynm to the fallem, Autumn leaves, Aladin, Liturgical fanfare, Doraemom, Activity, Viktor´s tale, Willy Fogen mundu bira, Arabian dances eta Yorkshire ballad.