Altsasuko Udal Musika eta Dantza eskolak kantu espezialitatea eskainiko du heldu den ikasturteko eskaintza ofizialean. Orain arte kantu eskolak adar ez-ofizialean bakarrik eskaini ditu Altsasuko Udal Musika eta Dantza eskolak. Haietara hizkuntza musikaleko ezagutzarik gabe joan zitekeen, taldeka eta 16 urtetik aurrerakoei zuzenduta zegoen.
Baina musika eskolako patronatuak kantua adar ofizialera pasatzea erabaki du. Horrek ekarriko du Altsasuko Udal Musika eta Dantza eskolan eskaintzen diren gainontzeko espezialitateen pare jarriko dela kantua eta Kontserbatorioan sartzeko aukera emanen duen ikasketa prozesua hasteko aukera izanen dela Altsasun. 2018-2019an Altsasuko Udal Musika eta Dantza eskolan 7 urtetik aurrera kantua ikasteko aukera izanen da.
Baina hori guztia gauzatzeko, aurretik kantu irakaslea kontratatu behar da eta Altsasuko Udal Musika eta Dantza eskolak deialdia egin berri du. Behin-behineko kontratazioa izanen da, lanaldi osoan edo partzialean, zerbitzuaren beharren arabera. Interesatuek euren curriculumak hilaren 23ko eguerdira arte aurkeztu dezakete musikaeskola@altsasu.net e-posta helbidera mezua bidaliz. Informazio gehiago nahi duenak 948 564 581 telefonora hots egin dezake, astelehenetik ostegunera 15:00etatik 20:00etara eta ostiraletan 09:00etatik 14:00etara. Behin hauta-probak egin ondoren aukeratuak izan ez diren hautagaiekin lan poltsa osatuko da, eta harekin behin-behineko kontratuak egiteko erabiliko da.