Emakumezko errefuxiatuen errealitatea, hitzez eta irudiz

Guaixe 2018ko mar. 9a, 09:52

Sakana Harrera Haranak dokumentala eta hizketaldia antolatu ditu biharko, 19:00etan, Altsasuko Gure Etxea eraikinean

Bi une historiko desberdin. Bi herrialde desberdin. Bi bizitza paralelo. 15 urterekin haurrak izateari utzi eta errefuxiatu bihurtu ziren bi neskatoren bizitzak kontatzen ditu La niña bonita dokumentalak. Nazio Batuen Erakundeko errefuxiatuendako agentziaren, Acnurren, lana da Altsasun ikusteko aukera izanen dena.

Baina horren ondoren, Sakana Harrera Harana taldeko kideek hizketaldia antolatu dute eta horretarako lau emakumezko gonbidatu dituzte. Batetik, Laura Lecumeri emagina. Norvegiako Adrop in the ocean gobernuz kanpoko erakundearekin (GKE) Atenas ondoko Skaramangas errefuxiatu eremuan eta Zaragozako Sos Dreams GKErekin Idomenin (Grezia) lan egiten du. Bere ahotik ezagutuko dugu Siriako emakumezko errefuxiatu baten esperientzia: gerra, mafien estortsioa,  45 pertsonekin pateran egindako bidaia, bizi izandako bi kanpamentuen baldintzak, indarkeria…

Hitza hartuko duen beste emakumezkoa Galia Ahmed Salama da. Tindufeko (Algeria) errefuxiatu eremuetan jaio zen eta egun Sakanan bizi da. Berarendako emakumezkoa eta errefuxiatua izatea zer izan den kontatuko du. Sara Igoa sakandarrak, berriz, Greziako hainbat errefuxiatu kanpamentu ezagutzeko aukera izan zuen emakumezkoei zuzendutako proiektu baten bidez eta horren berri emanen du.

Azkenik, Esther Medina Turienzo izanen da. Osasun arloko langilea, Chiosen (Grezia) Itsas Giza Salbamenduan parte hartu zuen. Baita  Action from Switzerland elkartearen The Athens centre for women proiektuan ere. Emakumezko errefuxiatuek bizi duten segurtasun falta, jazarpena, abusua, sexu trafikoa eta bestelakoak izanen ditu hizpide. “Aurrera egiteko askotan prezio garestiegia ordaintzen dute”.