Nafarroako Gobernuak herenegun egindako bilkuran Sunsundegi enpresa altsasuarrak eginen duen inbertsio bat interes foralekoa izendatu du. Izendapen horrekin foru administrazioak lehentasunezko bultzada eta urgentziazkoa ematen die tramitazioan, epeak erdira murriztuz.
Enpresak aurreikusitako inbertsioa 5 milioi eurokoa da. Sunsundeguik bi helburu ditu. Alde batetik, Altsasuko lantokiko eraikina hobetzea eta elektrizitate azpiegitura egokitzea. Horretarako beharrezkoak diren lanak eginen ditu. Horrekin enpresaren ekoizpen gaitasuna handituko da, baita ekoizpen eraginkortasuna ere. Gainera, prozesuen eta produktuen kalitateari eraginen dio eta enpresara eta eskualdera ekonomia eta enpresa jarduna erakarriko du. Beti ere, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenaz. Horrekin batera, 130 lanpostu sortzeko asmoa du.