EAJk batzokiko pintaketak gaitzetsi eta salatu ditu

Guaixe 2018ko mar. 13a, 09:16

Eusko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) Altsasun duen egoitzan, batzokian, Antxo agur eta ohore eta PNV konplize hiltzaileak pintaketak agertu ziren larunbat goizean. Jeltzaleendako pintaketak “onartezinak eta tokiz” kanpo daude. “Halako jarduera antidemokratikoak salatzen ditugu, herrian elkarbizitza giroa sortzen ez dute batere laguntzen”. EAJko kideen iritziz alderdi politiko baten egoitzaren kontrako erasoak “traza totalitarioa du eta haren kontra indar politiko eta demokratiko guztiak azaldu beharko lukete”. Jeltzaleek aurreratu dutenez, gaia Altsasuko Udaleko plenora eramanen dute.

EAJtik, azkenik, gaztigatu dute halako gertaerek “ez dute bat egiten gaur egungo Altsasuko eta Nafarroako demokrazia heldutasunarekin. Ezta erakundeetan ordezkatuak daude indar politikoekin ere. Gero eta ulertezinagoak dira eta tokiz eta denboraz kanpo daude”.

Bestalde, Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak Altsasuko batzokiko pintaketen inguruko erakunde adierazpena onartu du aho batez gaur. Haren bidez, Nafarroako Parlamentuak pintaketekiko “erabateko gaitzespen sendoa” azaldu du. “Onartezina da halakoak egiten segitzea, antolakunde politiko baten kontrako erasoa delako eta gizarte demokratiko bateko kritika legitimorako mugak gainditzen dituelako”. Aldi berean, Nafarroako Parlamentuak pintaketak kaltetutakoei “babesa eta elkartasuna” azaldu die.