Gasteiz ondoan dagoen Zurbao herrian dago Otalora Gebara jauregia. XVII. mendeko jauregia zaharberritu ondoren Mi castillo de arena izena eman diote kudeatzaileek eta han makina bat jarduera egiten dira. Baita erakusketak ere. Martxoaren 3tik garagarrilaren 3ra arte Dora Salazarren lanak ikusgai izanen dira.
Eskultore altsasuarrak eraikina aurri egoeran eta zaharberrituta ezagutzen du. Mi castillo de arenakoei bere tailerra zabaldu zien Salazarrek eta haiek izan ziren erakusketako piezak aukeratu zituztenak. Haiek izan ziren ere eskulturak jauregiko gela eta pisuetan barna kokatzeaz arduratu zirenak.
Erakusketaz
Arabako nobleen arkitekturak eta altsasuarraren eskulturak garai desberdinetakoak badira ere lotura sortu da haien artean. Emaitzarekin harrituta gelditu zen Salazar. Bere garai desberdinetako eskulturak daude ikusgai. Baina erakusketan denak osotasuna duela uste du sortzaileak Batzuk serie aski ezagunetakoak, esaterako, Venus, princesas-ekoak. Kartoizko eskulturak, zintzilik dauden buruak, argi dirdiratsu ugariz sortutako emakumezkoen gorpuak edo kalean jarrita dituen eskulturen inguruko proiekzioa ikus daiteke.
Eskulturen aukeraketa egiterakoan erakusketako antolatzaileek emakumezkoen irudien alde egin zuten eta haien kopurua nabarmena da erakusketan. Horrekin, emakumezkoak gizartean eta artean duen espazioa ikusarazi nahi izan dute.
Bisita gidatuak
Bisita gidatuak
Erakusketa ikusgai dagoen bitartean erakusketara bisita gidatuak eginen dira. Ordu bete inguruko iraupena izanen du eta taldeak gutxienez laukoak izan beharko dira. Bisitari bakoitzak 7 euro ordaindu beharko ditu erakusketa gidarekin ikusteagatik. Antolatzaileek ez dute baztertzen bisitak gauez egiteko aukera.