Iortia kantuzaletasuna duten haur eta gaztetxoen plaza

Guaixe 2018ko mar. 16a, 12:37

Nafarroako Haur eta Gaztetxo Kantari Jaialdiko 3. saioa ospatuko da bihar, 18:00etan, Altsasuko kultur gunean

Urteroko hitzorduari hutsik egin gabe, eta Amaia Dominguez antolatzaile dela, Nafarroako Haur eta Gaztetxo Kantari Jaialdiak martxan dira. Jaialdien helburua  da Nafarroako haur eta gaztetxoen euskararekiko eta kantuarekiko zaletasuna piztea, elkarlanean aritzen ikasiz, beste zentroetako ikasleekin harremanetan jarriz, norberaren arte eszenikoa kanporatuz eta musikarekin gozatuz.

Azken urteetan Sakanako jaialdiak Lakuntzak hartu izan ditu baina aurten lekukoa Altsasuri pasatu dio. Izan ere, Nafarroa Oinez ospatzen den herrian beti saioetako bat izaten baita urtero.

Aurtengo aurreneko bi jaialdiak ospatuta, larunbatean Altsasuk hartuko du kantari txikien jaialdi berria. Iortia kultur gunetik pasatzen direnek 76 kantari, haiek laguntzen 16 abeslari ikusteko eta entzuteko aukera izanen dute. Denen artean hamar kantuko errepertorioa osatuko dute.  

Parte hartzaileak
Iñigo Aritza ikastolako bi talde igoko dira oholtzara eta bina kantu eskainiko dituzte. 8 eta 9 urte arteko zortzikoteak Aurrera Altsasu! eta Haizearen herria kantak abestuko ditu gitarraz, teklatuaz eta txirulaz lagunduta. 12 eta 16 urte arteko 17 kantariz osatutako taldeak, berriz, Bizirik gaudelako eta Aberriaren mugak. Emanaldian gitarra, baxua, teklatua eta zeharkako txirula izanen dute lagun.

Lakuntzako eskolako bi taldek ere parte hartuko dute. 10 eta 11 urte arteko hamarreko batek Berri Txarraken Ikusi arte eta Goazen (bertsioa) abestuko dituzte gitarraz lagunduta. 11 eta 12 urteko hamaikakoak Aldapeko kantua eskainiko du. Grabazio baten eta gitarraren doinuz lagunduta ariko dira. Lakuntzako San Saastin musika eskolako 18 ikaslez osatutako talde bat ere kantari izanen da. Lourdes Iriondoren Ez gaude konforme abestuko dute. Teklatuaren, tronpeten eta txistuaren laguntzarekin ariko dira.

Aranotik 6 eta 14 urte arteko talde bat etorriko da Altsasun bi kantu eskaintzera: Lourdes Iriondoren Laminak eta Vendettaren Ekainak 24. Aurrenekoan gitarra akustikoaren laguntzaz ariko dira eta bigarrenean hari bateria gehituko zaio. Jaialdia Azpilikuetako 15 urteko Enara Arregi bakarlariak despedituko du berak sortutako Bada garaia kantuarekin, pianoak lagunduta interpretatuko duena.

Gehiago
Berako eta Antsoaingo jaialdien ondoren Altsasukoa hirugarrena izanen da. Martxoaren 24an, Oibarko Alvaro Aldunate entzutegian laugarren jaialdiaren txanda izanen da. Herri guztietako partaideak bilduko dituen jaialdi nagusia, berriz, apirilaren 21ean eginen dute Barañaingo auditorioan.