Emakume, etzi Lilasterketa Altsasun!


Guaixe 2018ko mar. 16a, 14:10

Igandean, 12:00etan, Altsasuko Foru plazak emakumeendako V. Lilasterketa hartuko du

Martxoak 8 Emakumeen Nazioarteko Egunean antolatutako ekitaldien barruan, Altsasuko Udalak, Berdintasun Zerbitzuaren bitartez, V. Lilasterketa antolatu du. Donostiako Lilatoi arrakastatsua Sakanara ekartzeko antolatu zen ekimena eta aurten bosgarren urtez jarraian antolatuko da. 

ilasterketa igandean abiatuko da Altsasuko Foru plazatik, 12:00etan. Jakina denez, berdintasunaren aldeko lasterketa hau ez da proba lehiakorra izango. Korrika, oinez, patinetan, aulkitxoetan, gurpildun aulkian… norberak ahal duen moduan osatuko du ibilbidea, helburua emakumeen parte-hartzea sustatzea delako. Antolakuntzak 0 eta 99 urte bitarteko emakume guztiei egin die bertan parte hartzeko deia.

Probak San Silbestrearen ibilbide antzekoa izango du, 4 km ingurukoa. Oinezkoek itzuli bat emango diote zirkuituari (2 km inguru), korrikalariek 2 itzuli (4 km inguru) eta irristalariek eta txirrindulariek 3 itzuli (6 km inguru). Lasterketarekin emakumeak protagonistak direla erakutsi nahi da. Bukaeran parte-hartzaileendako hamaiketakoa izanen da.

Izena ematea, dohainik
Aurreko urtean 77 emakumek parte hartu zuten emakumeen aldeko proban. Izena ematea dohainik da, aurretik Emakumeen Bilgunean (948 564 823 edo berdintasuna@altsasu.net) edo bestela, egunean bertan, 11:30etik aurrera Gure Etxean. 
urreko urtean antolakuntzak Dantzaleku Sakana klubari errekonozimendua egin zion, atletismoan emakumearen parte-hartzea bulkatzeagatik. Igandean jakingo da aurtengo omendua nor den.

Nola sustatu emakumeen partaidetza kirol elkarteetan?
Gai hori aztertzeko hitzaldia antolatu du Altsasuko Udaleko Berdintasun zerbitzuak martxoaren 20an, asteartean, 19:00etan, Iortia Kultur Gunean. Martxoaren 8aren inguruan antolatutako ekitaldia da honakoa.