Pentsio duinen eskaerak kalean segitzen du

Guaixe 2018ko mar. 15a, 18:05

Astelehenean Etxarri Aranatzen, eta gaur Altsasun kontzentrazioa deituta dago. Larunbatean, 18:00etan, Iruñera joateko deia luzatu dute.

Sasoiak, Nafarroako jubilatuen elkarteak Etxarri Aranazko azokatik egin zuen deia astelehenean. Eta Nafarroako Pentsionistak Martxanek kontzentraziorako deia egin du gaurko, 19:30ean, Altsasuko udaletxe parean. Bi kontzentrazioetan pentsioen aurtengo % 0,25eko igoera salatu zuten eta pentsio publikoen sistema bermatzea aldarrikatuko da.

Giro horrekin atzo Mariano Rajoyk gutxieneko pentsioak eta alargunenak handitzeko eta errentaren gaineko zergaren kenkariak pentsiodunei aplikatzeko aukera aipatu zuen, baina oposizioko taldeei aurrekontuak onartzeko baldintza jarri zien.

Iragarpen horrek, hala ere, ez du pentsiodunen eta, orokorrean, jendearen nahia ase eta larunbatean makina bat manifestazio deitu dira pentsio duinen alde eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioen alde. Iruñekoa 18:00etan abiatuko da Gaztelu plazatik.