Isun moduan ezarritako buroerrepresioa salatu dute

Guaixe 2018ko mar. 15a, 19:05

Larunbat gauean etxera joaten zen gazte bati Guardia Civilak 600 euroko isuna jarri ziola salatu dute

Isunak Altsasu taldetik jakinarazi dutenez, larunbat gauean etxera oinez zihoan gazte bat "Guardia Civilaren patrol bat gurutzatu eta geldiarazi zuen. Gazteak bakean uzteko eskatu zien etxeko bidean zegoela esanez. Baina Guardia Civila harrotu egin zitzaion, paretaren aurka jarri, katxeatu eta atxilotzearekin mehatxatu zuten. Ondoren, 600 euroko isuna jarri diote".

Taldetik adierazi dutenez, "berriz ere babesgabetasun izugarrian ikusten ditugu gure buruak mozal legeak okupazio indarrei ezarri dien eskumen bidegabeekin; haien hitza gurearen aurka, betidanik nabaria izan den nagusitasun grina adieraziz arrazoi gabeko eta zentzugabeko zigorrak jasoz, gazte edota kontzientziadun pertsona aktiboa izateagatik". Joan den urtean isunetan 4.600 euro inguru eta azken urteetan 45.000 izan zirela gaztigatu dute. Eta gaineratu dutenez, “onartezina da edozein adierazpenengatik, elkartasuna adierazteagatik edota iritziak kaleratzeagatik isunak jasotzea”.

Isunak Altsasu taldetik diotenez, “herria isilarazteko beste arma bat besterik ez da buroerrepresioa edo ekonomia-errepresioa deituriko hau”.  Isunak jasotzen dituzten gehienak gazteak direla gaztigatu dute. “Horrek agerian uzten du herri mugimendua eta herria bera itzali nahi dituztela”.  Azkenik, taldetik gogorarazi dute “isun politikoak” jasotzen dutenek isunak.altsasu@gmail.com e-postara jo dezaketela.