Pasa den asteko asteartean Sakanako eskoletako Lehen Hezkuntzako 6. mailako 156 ikasle Altsasuko Zelandi kiroldegian elkartu ziren. Lanbide Heziketan mendi ertaineko teknikari ikasketako lehen maila egiten ari diren hamar ikasleek egindako deialdiari erantzun zioten.
Haien irakasle Jon Bengoetxeak azaldu zigunez, hilaren erdialdetik aurrera hasiko dira mendira joaten, baina egueraldiak laguntzen ez zuenez, haurrendako ginkana kiroldegian egitea erabaki zuten. "Soziologia eta psikologia landu beharko dituzte, jendearekin lan egiteko". Ginkanak horretarako aukera eman zien ikasleei. Hura goitik behera antolatzeak eta aurrera eramatea ere haien ardura zen. Baita ondorengo balorazioa, jarduera nola atera zen eta zer sentitu zuten adieraztea.
Txikiak bitartean hainbat joko kooperatibo eta ez lehiakorrekin gozatu zuten. Sakanako haurrek elkar ezagutzeko aukera izan zuten. Kalejirarekin agurtu ziren.
Lanbide Heziketan mendi ertaineko ikasketak 5. urteurrena dute, eskaladakoek bi daramate. Institutuan ezarritako ikasketa-zerbitzu programaren baitan antolatu zuten ikasleek haurrendako ginkana. Ikasitakoa komunitatearen onuran ematea du helburu programa horrek.