Euskara lan munduan

Euskara, jalgi hadi lantokira

Guaixe 2018ko mar. 16a, 08:33

Gure hizkuntza lantegietan bide egiten hasi da. Ez soilik langile euskaldunek euren artean euskaraz hitz egiten dutelako, baizik eta badirelako euskara enpresako beste lan ardatz moduan hartu dutenak ere. Altsasuko Kooperatiba eta bere euskara plana dira horren guztiaren lekuko

Bernart Etxeparek Lingua Vasconum Primitiae liburua 1545ean argitaratu zuen. Idazlea euskarazko aurreneko liburua zela jabeturik hizkuntzari zuzendutako bi odarekin despeditu zuen lana. Haietako batean, Kontrapas, euskara jalgi hadi plazara irakur liteke. Olerkiari Xabier Letek musika jarriko zion eta haren bidez herrikoi bihurtu zen eta askok eta askok kantatu dugu ondoren.

Euskara munduaren plazara ateratzeko deialdia askotan egin da. Hizkuntza erabiltzea baita hura bizirik mantentzeko eta herdoilik ez hartzeko modurik onena. Eta beste edozein hizkuntzaren moduan osasuntsu egonen bada, bizitzaren arlo guztietan erabilia eta erabilgarria izan behar du hizkuntzak, baita lanean ere. Eta lantokietan ere bide egiten ari da euskara. Euskal Autonomia Erkidegoan Euslan programaren bidez eskarmentu zabala badute, Nafarroan euskara lan munduan sartzeko esperientziak berriak dira, baina bidea egiten hasiak dira. Sakanan ere bai.

Ibarreko esperientzia bat
Altsasuko Kooperatiba 50 bat langilek osatzen dute eta Copreci taldekoa da. Kooperatiba mistoa da, Altsasukoko kooperatibistek eta Mondragon, Componentes e Inversionesek osatuta. “Urte asko dira Coprecin euskara plana indarrean dela. Diru bat zutela eta kontseilu errektoretik proposamena jaso genuen” azaldu digu zuzendaritzako Amaia Amiano Irizar. “Euskara lantzeko behar bat ikusten genuen eta hemen gaude”, esan digu Martin Mendinueta Lizarragak. Haiek eta beste lau langilek osatzen dute kooperatibako euskara batzordea, hilean behin biltzen dena. Haiekin martxoko bileraren ondoren izan ginen.

Baiezkoa eman ondoren, Ana Arza Mazkiaranek azaldu digunez, “lehen-lehenik Emun kooperatiba kontratatu genuen eta lantegian euskarak duen egoeraren diagnosia egin genuen. Langile guztien euskararen ezagutza aztertu zen. Hori da abiapuntua”. 2015ean izan zen hori. Emuneko teknikari Joseba Beltza Bengoetxea etxarriarrak azaldu digu kooperatiban euskarak duen egoera orokorra: “euskararen ezagutza ez da oso handia, laurdenek edo dakite. Baina lantokian euskarari tokia egiteko motibazio handia dago. Batez ere idatzian. Hitz egitearena, dagoenarekin, zailagoa da. Baina aurre-motibazio bat badago”. Izan ere, hizkuntza ez dakiten langile gehienak euskaltegitik pasatutakoak direla gaztigatu digute, eta begi onez ikusi dute euskararen inguruko plangintza.

Asmo guztiak Euskara Planean jaso zituzten. Lau ardatz ditu plan horrek: euskararen erabilera sustatzea, hizkuntzaren ezagutza handitzea, euskararen aldeko motibazioa mantentzea edo handitzea eta egiten den guztia erakunde mailako lana bihurtzea. “Gertatzen da, segun zein Euskara Plan, enpresa askotan bere lanak independente edo autonomo balira bezala joatea. Egiturak ekartzen dituen arauekin nahikoa harremanik gabe. Altsasukoren kasuan ardatz guztiak landu dira”, azaldu digu Beltzak.

Mendinuetak azaldu digunez, “prozesuaren arabera, euskara jakitea baloratzen dugu. Bere garrantzia badu”. Izan ere, kooperatiban arautua dute lan esku zuzena hartzearena, bat zerrenda, eta, besteak beste, euskara jakitea baloratu egiten dute. “Langile berri gehienek euskara badakite. Dakitenen artean euskaraz hitz egiten dute. Pixkanaka euskara ezartzen ari dela sumatzen da”, azaldu du Arzak. Aurretik gaztelaniaz zeuden lan dinamika batzuk langile berrien sarrerarekin aldatu direla gaineratu du. “Pixka bat dakigunok hitz egiten hasi beharko dugu. Hori da egin dezakegun pauso garrantzitsuena”.

Amianok gogoratu du Gipuzkoatik enpresara duela lau urte iritsi zenean topatu zuena: “euskara ederki zekien jendeak gaztelaniaz hitz egiteko ohitura zuen. Ni euskalduna naiz, baina ez nekien euskara zekitenik. Baina jakiten duzun unetik aurrera harekin harremana euskaraz da. Eta Arzak dio ez dakiela, baina asko ulertzen du”. Mendinuetak esan digunez, “batzuek euskaraz hitz egiten dugu, beste batzuek ez. Normalizazioa bilatzen ari gara, denok euskara bultzatzea, euskara gehiago erabiltzea”. Horretan ari dira batzordean.

Batzordeaz
Kooperatibako euskara batzordearen egitekoa enpresaren Euskara Plana aurrera ateratzea da.  Beltzak berak azaldu digu nola: “planaren barruan, urterako kudeaketa plana proposatzen die zuzendaritzari eta kontseilu errektoreari. Hura onartu eta han jasotzen dena aurrera eramateaz arduratzen da. Batzordeak eragin eta proposatzen du”. Sei bazkide-kooperatibistek osatzen dute euskara batzordea, tailerretako bostek eta zuzendaritzako batek. Hizkuntza dakitenak eta ez dakitenak.

Euskararen ezagutza kontuan izanik, hizkuntzaren erabilerari dagokionez, idatziari erreparatu diote gehien bat orain arte. Ardatz horren barruan dago Mezularia izeneko egitasmoa, euskara idatzia hobetzea helburu duena. Ezagutzari dagokionez, matrikulazio kanpainaren bat egin dute. Aurreneko urteetan “jendea motibatzen” zentratu dira, “bai enpresa mailan Euskara Plana babesteko, bai parte hartzea sustatzeko”. Hilean behin elkartzen da euskara batzordea. Han erabakitakoak bakoitzak bere orduetan egiten ditu.

Batzordean hartzen diren erabakiak enpresako langile guztiei iritsi behar zaie. Euskara batzordearen eta zuzendaritzaren arteko lotura Amianok egiten du. Adibidea jarri digu: “Euskararen Eguna antolatu dugu eta zuzendaritzari eskatuko diogu ogitartekoa jateko ordu laurdena ordu erdira luzatzea. Harreman hori nire kontu dago. Mendinuetak Mondragon taldeko Nafarroako lantegien euskara batzordearen bileretan parte hartzen du. Gainontzekoek euren ekarpena egiten dute, denen arteko lana da”. Bazkideen batzarrak, batzar nagusiak eta Euskararen Egunak langile guztiei batzordearen martxaren berri emateko ere baliatzen dituzte.

Emuneko teknikariaren papera ere nabarmendu dute batzordeko kideek: “berak gidatzen gaitu. Ez genuen inolako esperientziarik. Berak edo guk proposatzen dugu. Denok egiten ditugu gauzak” esan du Arzak. “Kanpo agente bat da eta perspektiba du”, dio Amianok. “Gu hasiko bagina, egunerokoak jango gintuzke. Gaur lanez gainezka gaude eta bihar eginen dugu…”, azaldu du Arzak. “Ez gara teknikoak. Eguneroko lanari begira gaude, beraz, dakien baten premia dago” gaineratu du Mendinuetak. “Berak gidatzen gaitu. 09:30erako konpromisoa hartu duzunean, ezin duzu esan lanez gainezka zaudela. Etorri da, zain dago. Horrek zaintzea ekartzen du”, Amianoren aitortza.

Bidea
Diagnosiarekin hasi ziren 2015ean. 2016an Euskara Plana ezarri zen. Aurreneko bi urteetan Altsasuko Kooperatibako plangintza urte erdikoa bazen, 2017an urte osoko plangintzarekin hasi ziren eta hala jarraitzen dute aurten ere. Egitasmo ugari egiten dituzte plana aurrera eramateko, esaterako: abenduaren 3an Euskararen Eguna ospatzen dute kooperatiban; kafe makinaren ondoan  hilero esaera bat jartzen dute; postal lehiaketa antolatzen dute; Korrikako kilometroa erosten dute; haiek sortu eta lantegi guztian banatzen den buletin elebiduna argitaratzen dute hiru hilero; aurten kanta bat sortu nahi dute… “Gure batzarretan irudi bidez egiten diren aurkezpenak, asko Coprecitik heldu direnez, euskaraz dira. Batzarrean euskararen presentzia altua da”, argitu digu Amianok.

Lantegian euskara klaseak emateko nahikoa jende ez dagoenez, hizkuntzan trebatzeko beste bideak bilatu dituzte. Hor dago Mezularia egitasmoa. Haren bidez euskara dakiten bost langilek testuak idazten dituzte hamabostean behin. Beltzak jartzen die gaia eta idatziak hari bidaltzen dizkiote eta zuzenduta bueltatzen dizkie. Idazleen artean dago Aitor Ruiz de Egino Ostiza eta “askatzeko modu bat” dela azaldu du, “dena ulertzen dut, baina hitz egitea gehiago kostatzen da. Honek laguntzen du; ahaztutakoak gogorarazten dizkizu”. Beltzak zuzenketak langile bakoitzaren mailaren arabera egiten ditu.

Nafarroako Gobernuak lantoki pribatuetan euskararen erabilera eta presentzia sustatzeko laguntzak emateko deialdia egin zuen estreinakoz joan den urtean. Altsasuko Kooperatibak eskaera aurkeztu eta diru-laguntza jaso zuen. Harekin errotulazio ofiziala aldatu zuten. “Enpresan ditugun hainbat errotulurekin zerrenda bat egin genuen. Gaztelaniaz zenbat zeuden jakiteko. Horiek euskaraz edo ele bitan jartzeko eskatu genuen laguntza. Emunen teknikariaren kostua ere sartu genuen”. Errotuluak aurki jarriko dituzte.

Aurten ere diru-laguntza deialdian eskaera eginen dute. “Joan den urteko deialdian, batez ere irudi kontuetarako zen diru-laguntza. Aurtengo deialdian Euskara Plan batean egon daitezkeen hainbat egitasmorako laguntza sartu dute. Guk horien guztiendako laguntza eskaera sartuko dugu”, esan digu Beltzak.

Altsasuko Kooperatiba hurrengo lau urterako plan estrategikoa egiten ari da eta han euskara, lau ardatzak, sartu dituztela azaldu digu Amianok. “Enpresak euskara ezartzen eta normalizatzen segitzeko asmoa dauka”. Etorkizunean hizkuntzari lotuta gauza gehiago etor daitezkeela gaineratu du. Eta horietako bat hizkuntza teknikoarena da. Izan ere, euskara jakitea kontu bat da baina lanpostuan batzuetan hitz jakin batzuk behar izaten dira. Halako kasuetan, “ahal den bezala” moldatzen direla esan digu Mendinuetak. Beltzak azaldu digunez, “oraindik ez gara kontu horietan sartu, baina lantoki askotan enpresa barruko hiztegi propioa egiten da, haietan dauden hitz klabe edo hitz teknikoak jasotzen dituena. Horretaz oraindik ez dugu sekula hitz egin”. Mendinuetak borobildu du: “oraindik beste nibel batean gaude”.

Bitartean Euskaraldia moduko ekimenak enpresara nola eraman pentsatzen ari dira. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra, 11 egunez euskaraz hitz egiteko gonbidapena egin digute euskal herritar guztiei. “Aurretik probako egun bat eginen dugu, nola moldatzen garen ikusteko”, azaldu digu Beltzak. Erabileran “arrankatzeko” aitzakia izanen da. “Kafe garaian 15 minutu egiteko aukera proposatu genuen joan den urtean, baina Euskaraldiarena atera zenez, bat egitea erabaki genuen”.

Euskarak zer ekarpen egiten dio Altsasuko kooperatibari?
Nortasuna, esan du Mendinuetak, “Altsasuko eta euskara, bat; horrela hartzen dugu. Nik uste horretan proaktiboak garela”. Amianorendako ama hizkuntza da eta “niretako garrantzitsua da nire hizkuntza enpresan ere babestea eta zaintzea, normal erabiltzea, etxean erabiltzen dudan moduan”. Arzarendako “Sakanako enpresa bateko pastelaren ginga” da. Ruiz de Egino eta Mendinuetarendako esperientzia “ona” da eta beste enpresetan bide hori “dudarik gabe” egitera animatu dituzte.


Argazkian, ezkerretik eskuinera: Joseba Beltza Bengoetxea, Ana Arza Mazkiaran, Amaia Amiano Irizar, Jovita Moro Martin, Aitor Ruiz de Egino Ostiza eta Martin Mendinueta Lizarraga.