Alberto Mazkiaran, E Formulako langilea: “Tamaina errealeko scalextriceko autoak ikustea bezalakoa da E Formula”

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza 2018ko mar. 23a, 08:32

Auto elektrikoak gora egiten ari diren bezala, hazten ari da E Formula. Ez du oraindik 1 Formulak duen sonarik, baina diziplina ikusgarria da. Hala uste du, bederen, Alberto Mazkiaran altsasuarrak. Elektrikaria da, eta E Formulako lasterketetako teknologia prestatzen dihardu enpresa kataluniar batekin. Azaroan ekin zion lanari, eta pozarren dago bizitzen ari den esperientziarekin. Aurrez Rural Kutxan teknikari eta zuzendari lanetan aritutakoa da, eta txirrindularitzarekin hartu emana izaten segitzen du.

1. Nolakoa da E Formulako Munduko Txapelketan lan egitea?
Esperientzia berria da niretako. Aukera errebotez iritsi zait. Agorrilean Espainiako Vueltan egin nuen lan, eta lasterketa hori antolatzen duen enpresak E Formulan aritzeko aukera eskaini zidan. Oso gustura nabil. 1 Formularen gisakoa da E Formula, baina auto elektrikoekin. Aurtengoa bosgarren edizioa du. Guk enpresa kataluniar batendako egiten dugu lan. Hau kronometrajeaz, lasterketak zuzentzeaz, semaforoez eta kamera sistemaz arduratzen da, besteak beste.


2. Zuk zer eginkizun duzu?
Batetik, Interneten instalazioaz arduratzen naiz, eta, bestetik, denborak kontrolatzeko sentsoreak jartzen ditut zirkuituan barna. Eta horretaz aparte, kamerak ere ipintzen ditut. Batzuk segurtasun kamerak dira, eta beste batzuk boxetan jartzen ditugu. FIAk debekatu egiten die taldeei arauzko denboratik kanpo autoetan moldaketak egitea, eta hori kameren bidez kontrolatzen dute.


3. Halako kirol ekitaldi batek parafernalia handia dakar berekin, ezta?
Nik ez nuen mundu hau ezagutzen, eta ikusgarria iruditzen zait. Milaka xehetasun zaintzen dira ikuskizuna behar bezalakoa izan dadin. Gure kasuan, taldeak kontrolatu behar ditugu, E Formulako langileen karpan Internet zerbitzuak eta telebista kamerak instalatu behar ditugu, VIP gunean telebista pantailak eta beste jarri behar ditugu… Diziplina hau 1 Formula baino koxka bat beherago dago, baina, edonola, amaiezina da egin beharreko lanen zerrenda.


4. Lan egiteaz aparte, mundua ezagutzen ere ari zara E Formulari esker.
Hala da. Txapelketa Hong Kongen hasi zen, eta geroztik Marrakexen, Txileko Santiagon, Mexiko Hirian eta Uruguaiko Punta del Esten izan gara. Hemendik aurrera, berriz, Berlinen, Parisen, Erroman, Zurichen, eta New Yorken jardungo dugu. Edonola, oso denbora gutxi izaten dugu tokiak ezagutzeko. Lasterketak larunbat arratsaldetan izaten dira. Bada, aste batean muntatutakoa gau batean jaso behar izaten dugu. Behintzat, larunbat goizak libre izaten ditugu, eta orduan tarte txiki bat izaten dugu hiriak ezagutzeko.

 
5. Lana nola ari zara uztartzen familia bizimoduarekin?
Hortxe gabiltza. Hiru seme-alaba ditut, eta itxaronaldia azkenerako luze egiten zaie. Nolanahi, oraingoz ondo ari gara moldatzen. Pare bat aste ematen dituzu kanpoan, baina, batzuetan, etxean hiru astez egoteko aukera ematen dizu egutegiak. Lehen bi proben artean, adibidez, hilabete oso bat eman nuen etxean, eguberrietan hain justu. Egoera honetan, gehiago aprobetxatzen dut etxean pasatzen dudan denbora.


6. Zer da lan honetaz gehien gustatzen zaizuna?
Lasterketen mundua betidanik gustatu izan zait. Orain arte txirrindularitzan egon naiz murgilduta, eta orain auto lasterketez ari naiz gozatzen. 1 Formulan aritutako pilotu asko ari naiz ezagutzen, ederra da. Adibidez, E Formulan dabiltza orain Nick Heifeld eta Nelsinho Piquet. Diziplina polita da. Bitxia da, autoen motorrek ez dutelako zaratarik ateratzen. Tamaina errealeko scalextriceko autoak ikustea bezalakoa da. Horrekin batera, azpimarratzekoa da pilotuek autoz aldatu behar dutela lasterketen erdian. Hori bai, datorren urtetik aurrera bakarra erabiliko dute, baterien autonomia hobetu baita.


7. Eta ba al da gutxi gustatzen zaizun alderdiren bat?
Hegazkina agian, etxera itzultzekoan. Oso nekatuta bukatzen dugu instalazio guztia desmuntatu ondoren, gutxi egiten dugu lo, eta ez da samurra izaten berehala hegazkina hartu behar izatea. Baina, hori kenduta, alde onak besterik ez dizkiot ikusten.


8. Rural Kutxaren amateur taldeko zuzendari izandakoa zara. Sumatzen al duzu lan horren falta?
Oraintxe bertan, ez. Txirrindularitzari lotuta segitzen dut. Adibidez, antolakuntza lanak egitea tokako zait Euskal Herriko Itzulian, Miguel Indurain Sarian eta Espainiako Vueltan. Beraz, badut modua ziklismo gosea asetzeko. Noski, orain ez nago talde baten barruan, eta beste lasaitasun batekin bizi dezaket txirrindularitza.


9. Ikusten da kirola pasio duzula.
Hala da. Niri betidanik gustatu izan zait kirola. Beraz, ezin naiteke kexatu aldi berean txirrindularitzaren eta automobilismoaren munduan jardunda. Izugarri ari naiz gozatzen.


10. Bi kirol horietako zeinekin geratuko zinateke?
Une honetan, agian, automobilismoarekin, esperientzia itzela ari naizelako bizitzen, edo nobedadea delako. Baina txikitatik txirrindularitzarekiko izan dut zaletasun gehien. Orain ez nago horren lotuta, baina, esan bezala, kontaktua izaten jarraitzen dut.


11. Zer plan duzu etorkizunerako?
Enpresak beste bi urterako dauka kontratua E Formularekin, eta berritzeko aukera dauka, gauzak ondo egiten badira. Lehenengo ediziotik dabil bertan. Gauzak hala, espero dut mundu honetara lotuta jarraitzeko aukera izatea. Esan ohi da auto elektrikoak direla etorkizuna. Orain hamar talde dabiltza E Formulan, besteak beste, Renault, Audi edota McLaren, eta datorren urtean Mercedes eta Porche bezalako markak sartuko dira. Beraz, uste dut diziplina honek gora egingo duela.