Helena Taberna historia-memoriaz SF78rekin

Guaixe 2018ko mar. 23a, 13:12

Sanferminetan duela 40 urte izandako gertakariak gogoratzeko Dora Salazarren eskultura jarriko da ere

Aurten berrogei urte betetzen dira 1978ko sanferminetan izandako gertakariez: poliziak zezen plazan sartu ziren eta barruan eta kanpoan kargatu zuen. Ondorioz, tiro batek jota German Rodriguez hil egin zen eta beste dozena bat pertsona balaz zauritu ziren. Festak bertan behera gelditu ziren.

Gertakari horiek gogoan, SF78 herri ekimenak, sanferminetako eskaileraren modura, hilabetero ekitaldiak antolatu ditu. Martxoko ekitaldien barruan, bihar, 16:30ean, Iruñeko Katakrak liburu-dendan kafe-tertulia antolatu du, honako izenburuarekin: Historia-memoria eta zinematik, antzerkitik eta musikatik egindako sormen ekarpenak. Hiru hizlari izanen dira: Enrique Villareal Armendariz, El Drogas, Alberto San Juan eta Helena Taberna zinema zuzendari altsasuarra.

Bestalde, SF78 herri ekimenak gertakariak gogoratzeko Dora Salazarren eskultura bat jarri nahi du Iruñeko zezen plazaren parean garagartzaroan. Eskultura egiteko Internet bidezko diru bilketa edo crowfundinga abiatu dute Goteo plataformaren bidez. Egun baten faltan, atzo lortu nahi zuten gutxieneko kopurua, 22.896, bazuten, 24.564 hain zuzen ere. Diru kopuru egokia 33.534 euro dira. Diru ekarpena egiten duten guztien izenak eskulturaren barruan egonen den denboraren kutxan sartuko dituzte.