Altsasukoak Aske 3x3 Saskibaloi Txapelketa antolatu dute

Guaixe 2018ko mar. 28a, 15:21

Martxoaren 31n jokatuko da, 10:00etatik aurrera, Zelandi Kiroldegian. Egun osoko festa izanen da

Altsasuko CBASK saskibaloi taldeak, Altsasuko Gazte Asanbladak eta Altsasuko Udalak Altsasukoak Aske 3x3 Saskibaloi Txapelketa antolatu dute martxoaren 31n, larunbatean, goizeko 10:00etatik aurrera Zelandi kiroldegian jokatuko dena.

Txapelketan hiruzpalau kidez osatutako taldeek hartuko dute parte; gehienez 2 izango dira federatuak. Talde bakoitzak 5 euro ordaindu beharko ditu, eta izena ematea egunean bertan zabalduko da, goizeko 9:30ean, edo aurretik WhatsApp bidez eman daiteke, 608 163 752 telefonoan.

Ondoren, bazkaria eta gaupasa
Goizeko 10:00etatik aurrera jokatuko da 3x3 Saskibaloi Txapelketa eta goiz guztian barna gauzatuko da. Baina festa borobildu dute. Horrela, bazkaria prestatu dute, 15:00etarako, Amandrea elkartean (Martxoaren 29a da izena emateko azken eguna) eta arratsaldean, 18:30ean, Altsasukoak Aske! Ekimena burutuko dute. Ondoren, gauean, gaupasa antolatu dute gaztetxean, DJ Patxipunk, DJ Txen eta talde sorpresarekin.