Hiru Mendi Zerrak martxarako prest?

Guaixe 2018ko mar. 30a, 10:25

Apirilaren 7an abiatuko da, goizeko 7:00etan, Altsasuko Mendigoizaleak antolatuta. Izena ematea zabalik dago apirilaren 4ra arte

Hiru mendizerra lotzea, hori da Altsasuko Mendigoizaleak taldeak hainbat entitate eta babesleren laguntzarekin antolatutako XI. Hiru Mendizerrak mendi martxaren helburua. Zehazki, Urbasa-Andia, Altzania eta Aralar mendizerretatik barna ibiliko dira aipatu ibilaldi ez lehiakorrean parte hartuko duten mendizaleek. Irailaren 7an abiatuko dira, goizeko 7:00etan, Gure Etxeatik. Altsasuko proba ez lehiakorrak Nafarroako Iraupen Luzeko Mendi Ibilaldien XI. Txapelketa mustuko du. Horretaz gain, Euskal Herriko Ibilbide Luzeen Zirkuiturako puntuagarria da.

Luzea, laburra eta alternatiboa
Bi ibilbideren artean hautatu ahal izango dute mendizaleek: Hiru Mendi Zerrak, ohiko ibilbidea (48 km, 2.700 m desnibel metatua) edo ibilbide laburra (26 km, 1.200 m desnibel metatua). Ibilbide laburrak gutxi gorabehera 7-8 orduko lana eskatzen du eta martxa handiaren estimazioa 11 ordutik gorakoa da. 

i ibilbideak Altsasuko Gure Etxean hasiko dira, 7:00etan. Mendizale guztiek Urdiainera joko dute lehenik. Urdiaindik Urbasa-Andiara igoko dira, Portuazpitik, eta aipatu parke naturala zeharkatuko dute, Bargagaingo gurutzera helduz. Portutik barna, Gainsolera helduta, bertatik Ziordia herriraino jaitsiko dira, bertako hornidura gunean atsedena hartzeko.  

Ondoren, ibilbide motza aukeratzen dutenak partzelarietatik barna eta Cementos fabrikako atzealdetik Altsasura ailegatuko dira, eta, aldiz, ibilbide luzea hautatzen dutenak Kipular igoko dute, gero Orobeko antzinako harrobitik jaisteko. Ondoren, Sorozarreta jaitsi eta segidan Balankaleku eta Intxusburu igoko dituzte. Handik jaitsiko dira, Sarabetik, eta San Pedrotik eta Basoitxitik barna Altsasuko Gure Etxera helduko dira.


Horiek dira bi ibilbide nagusiak, baina badago ibilbide alternatibo bat. Izan ere, badaude, behin Sorozarretara iritsi ondoren, ibilbide luzearekin jarraitu nahi ez duten mendizaleak, Ibarreatik barna Altsasura itzultzen direnak. Mendizale horiei begira, ibilbide alternatibo bat prestatu du antolakuntzak, Ibarreatik beharrean Dorretxikitik bueltatxoa eman eta Altsasura iristen dena.

5 hornidura eta kontrol gune

Ibilbidean barna 5 hornidura eta kontrol gune egongo dira: Urbasan, Ziordian, Sorozarretan, Saraben eta Gure Etxean. Zer jan eta zer edan ez da faltako; famatuak dira eskaintzen diren hamaiketakoak. Bestalde, ibilbidea markatzeko lanak errespetatzeko deia egin dute antolatzaileek.

Aurreko urtean 480 mendizale
Aurreko urtean 480 mendizalek hartu zuten parte Altsasuko Mendigoizaleak taldeak antolatutako proba ez lehiakorrean, udaberriko eguraldia lagun izan zutela.

Izena ematea zabalik
Martxari buruzko informazioa www.altsasukomendigoizaleak.com web gunean topatu daiteke. Izena emateko, aldiz, ondoko web guneetara jo behar da: www.mendizmendi.com edo www.zirkuitua.com. Prezioa: 15 euro. Izena ematea zabalik dago apirilaren 4ra bitartean, eta gehienez 700 parte-hartzaile onartuko dira.