Bizi Mendi Duatloia hartuko du Altsasuk

Guaixe 2018ko api. 4a, 11:32

Duela gutxi jokatutako Altsasuko Copreci Duatloia.

Nafarroa Oinezen aldekoa, apirilaren 21ean jokatuko da, baina apirilaren 10a baino lehen eman behar da izena. Egun berean bazkari herrikoia antolatu dute eta txartelak salgai daude apirilaren 13ra bitartean, ohiko tokietan

Iñigo Aritzak antolatuko du aurtengo Nafarroa Oinez ikastolen aldeko festa. Urriaren 21ean izango da, baina ikasturte guztian barna Oinezaren aldeko hamaika ekimen antolatzen ari da Burundako ikastola. Horrela, apirilaren 21erako Bizi Mendi Duatloia antolatu dute Altsasun.

Bizi Mendi Duatloia berezia izango da. Izan ere bikoteka hartu beharko da parte. Lehen parte-hartzaileak 23 km eginen ditu mendi bizikletan, Altsasu, Urdiain eta Iturmendiko inguruko paraje zoragarrietan barna. Altsasutik aterata, San Pedrotik Urdiaingo igerilekuetaraino joko dute, eta Mauriako bidea hartuta, ibilbide ederra eginen dute Iturmendiko Pilare ermitara iritsi arte. Handik Urdiaingo San Juan ermitara joko dute eta Urdiaingo baserrietatik Altsasura, azkenean ikastolatik barna buelta eman eta gero, Altsasuko herri gunera heltzeko. Ondoren, txirrindulariak bere bikoteari erreleboa pasako dio eta honek azkeneko 7 km-ak korrika egingo ditu. Ibilbide polita da, tartean Basoitxi, San Pedroko bidea eta beste zeharkatuko dituena. Proba Foru Plazan despedituko da.

Bazkari herrikoia nahi duen ororendako
Bizi Mendi Duatloia 13:30ak inguruan despedituko dela aurreikusten da. Ekimen polita izango da, txirrindulari, korrikalari eta ikusle asko erakarriko dituena. Horrela, kirol festa ederra izango dena are gehiago borobiltzea erabaki du antolakuntzak eta Bizi Mendi Duatloia bukatuta herri bazkari herrikoia antolatu dute frontoian. Prezio herrikoian, 8 euroren truke, bazkaltzeko aukera izango dute ez soilik kirolariek, baizik eta nahi duen orok. Bazkaria girotzeko musika doinuak ez dira faltako eta bazkalostean opariak zozketatuko dira.
Bazkarirako txartelak salgai jarriko dira Iñigo Aritza ikastolan, Txioka Haur Ikastolan, Biltoki tabernan, Nafarroa Oinez dendan, Urdiaingo Kaluxa tabernan, Olaztiko Bujanda kafetegian, Ziordiko Etxaleku tabernan eta bazkaltzera joan nahi duenak apirilaren 13a baino lehen erosi beharko ditu txartelak.

Bizi Duatloian izena emateko
www.nafarroaoinez.eus web orrian edo www.kirolprobak.com web gunean, apirilaren 10a baino lehen. Prezioa: 12 euro. Proba parte hartzeaz gain bazkaltzera geratu nahi dutenen kasuan, 20 euro ordaindu beharko dute, guztira. Bestalde, 16 eta 18 urte arteko adin txikikoen kasuan, euren gurasoen baimena jasotzen duen inprimakia bete beharko dute eta antolakuntzari helarazi, apirilaren 10a baino lehen. Informazio osoa Nafarroa Oinezeko webean dago ikusgai, ibilbideetako mapak barne.