Gerrek eta bestelako ezbeharrek bultzatuta, behartuta, euren herrialdea utzi eta babesa beste herrialde batean opatu duten milioika pertsona daude munduan. Errefuxiatuen Estatutuari buruzko Genevako Konbentzioaren arabera errefuxiatuek segurtasun baldintzetan emandako asilorako eskubidea du. Eta horrekin batera, oinarrizko laguntza eta herrialdean bizi den edozein atzerritarren moduko eskubideak; oinarrizko eskubide zibilak. Baita ekonomia eta gizarte eskubideak ere, azken horien artean osasungintzarako bidea edo haurrek eskolak jasotzeko aukera daude.
Sakana Harrera Harana gobernuz kanpoko elkarteak antolatutako erakusketa atzo zabaldu zen. Bertan hainbat errefuxiatu eremuetako bizipenak ezagutzeko aukera izanen da. Eta haren bidez paperean jasotako nazioarteko eskubideak betetzen ez direla ikusteko aukera izanen du bisitariak. Iortia kultur guneko erakusketa gelatik pasatzen denak errefuxiatu eremuetako argazkiak ikusteko aukera izanen du. Armek ere tartea dute erakusketan, armen zirkulua, denon gerrateak, denon ardura atalaren bidez. Zurrumurruen kontrako txoko bat du erakusketak. Beste batek Libia, giza eskubideak hiltzen direnean izena du. Olerkien eta hausnarketarako hormarekin osatzen da erakusketa. Haren osagarri, Sakana Harrera Haranak La Zanja antzezlanaren emanaldia antolatu du apirilaren 7rako, Altsasuko Iortia kultur gunean bertan.
Erakusketako antolatzaileak Sakana ume, emakumezko eta gizonezko errefuxiatu guztiendako harrera lekua izan dadin lan egiten segituko du.