Herenegun egindako bilkuran Altsasuko Udalak Isidoro Melero eta Ermita kaleetako sareak, zoladura eta zerbitzuen kanalizazio lanen proiektua onartu zen Geroa Bairen, PSNren eta UPNren aldeko botoekin eta EH Bilduren Eta Goazen Altsasuren abstentzioarekin. Lanek 829.858,7 euroko aurrekontua izanen dute. Dirutza horretatik 296.497,37 euro udalak jarriko du eta gainontzeko 533.361,33 euroak Nafarroako Gobernuak Tokiko Azpiegitura Planaren bitartez. Lanak irailean edo lastailean hasiko lirateke eta 7 hilabetez luzatuko lirateke. Hirigintza Batzordean Isidoro Meleroren berezitasunak aztertuko dituzte. Izan ere, zenbait bajera maila desberdinean daude. Ukitutako aldamenen iritzia ere kontuan izanen dute.
Kale horietako lanek irauten duten bitartean autobus geltokia Josefina Arregi adinduen egoitzaren ondora aldatuko litzateke. Udalak bidaiariendako aterpe bat jarriko luke. Lanak bukatuta daudenerako udalak aztertuko du autobus geltokira joateko garraio publikoak herrian egiten duen ibilbidearen egokitasuna.
Atabo enpresa publikoa
Javier Ollo Martinez alkateak azaldu duenez, Gazteria eta Kirol Batzordean Atabo Altsasu SL enpresa publikoaz eta kirol azpiegituren egungo kudeaketa ereduaren inguruko hausnarketa egin da. Ondorioz, udalak herenegun erabaki zuen kirol azpiegiturak azken hamarkadan bezala, Atabo Altsasu SL elkarte publikoak kudeatzen segituko duela. Udalak enpresari emandako agindua urte akaberan despeditu zen eta hari segida ematea erabaki zen. Baina horrekin batera, udalak hiru hilabeteko tartea eman dio bere buruari; helburua? Enpresari emandako aginduan eta enpresaren estatutuetan aldaketak egitea egokia ote den aztertzea da. Horren alde bozkatu zuten Geroa Baik eta PSNk, kontra EH Bilduk eta Goazen Altsasuk eta UPN abstenitu egin zen.
EH Bilduko Javier Paz Miñok azaldu zuen udalak kirol azpiegiturak zuzenean kudeatzearen alde daudela. "Posible dela uste dugu". Langileen subrogazioa lortu daitekeela eta kudeaketa zuzenarekin "eraginkortasunean eta gardentasunean" irabaziko litzatekeela gaineratu zuen.
Goazen Altsasuko Virginia Alonso Apariciok azaldu zuenez, "erabakiak hartzerakoan pisua duen bakarra arlo ekonomikoa izatearekin ez gaude ados". Atabo zuzentzen duen Geroa Baiko presidenteari "enpresarendako planteamendua, plana antolakuntza egiteko eskatzen ari gara eta ez dugu hori egitea lortu". Goazen Altsasutik gaztigatu zuten Atabok Udal Kirol Zerbitzuarekin "lotura eskasa" duela, nahiz eta "kontseilu guztiaren eskaeraren ondoren hori hobetu den". Enpresaren kontabilitatearekin ere kritiko azaldu zen Alonso: "70.000 euroko defizit teknikotik 40.000 euroko irabazi teorikora pasatzen gara. Joan den urte guztian ez zen ekonomiari buruzko informazioa emateko gai izan, otsailean egin duen arte". Enpresan lanaldi osoan kontratatutako langile batzuk gutxiago lan egiten dutela azaldu zuen ere.
Beste erabaki batzuk
Altsasuko Udalak onartu zuen Nafarroako Gobernuak kamineroen etxea berari uztea, han etxegabeendako aterpea egiteko. Udalak 20 urterako jasoko du eta bost urtero berrituko da lagatzea, 50 urte bete arte. Udalak ere eraikina egokitzeko lanak egiteko konpromisoa hartu zuen. Horretarako Nafarroako Gobernuaren 50.000 euroko diru-laguntza du udalak.
Bestetik, Geroa Baik eskatuta udalak aho batez arbuiatu zituen martxoaren 10ean EAJren egoitzan egindako pintaketak. PSNk esan zuen "koakzioak" onartezinak direla. EH Bilduk gogoratu zuen Xabier Rey presoaren heriotzaren kontura egin zela eta espetxe politikaren eraginagatik hil zela. Halakoak "gure diskurtso eta estrategiatik kanpo daude". Goazen Altsasu "edozein biolentziaren kontra" daudela azaldu zuen.
Bestalde, Altsasuko Udalak parte hartze aurrekontuen bidez 20.000 euro zertara bideratu erabaki behar du. Altsasuarrek ostiralera arte zuten proposamenak aurkezteko aukera eta 18 izan dira udaletxean jaso dituztenak. Udalaeko Parte Hartze Batzordeak orain horiek deialdira egokitzen diren aztertuko ditu eta egokien artean aukeratu beharko dute altsasuarrek, maiatzaren 16tik 30era.