Nafarroako Pentsionistak Martxan eta Otsailak 22 pentsiodunen plataformak deituta azken ostegunetan pentsio duinen aldeko kontzentrazioak Altsasuko udaletxe parean ostegun arratsaldeetan egin izan dira. Baina apirilaren 9tik aurrera, astelehenetan izanen dira, 19:30ean.
Herenegun ere hainbat adineko pertsona han elkartu ziren, udaletxean haiek aurkeztutako mozioa aztertzen zen bitartean. Udalari % 0,25ko igoera ziztrina arbuiatu eta eros ahalmenari eusteko moduko bat eskatu zuen. Gainera, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa aldarrikatu zuten, eta, horretarako, Nafarroako Gobernuak osagarriak jarri ditzala eskatu zuen. Azkenik, gizarte segurantzaren eskumena Nafarroak hartzea eskatzen zen. Mozioa EH Bilduren, Goazen Altsasuren eta PSNren (3. puntuarekin ez zegoen ados) aldeko botoekin eta Geroa Bairen eta UPNren abstentzioarekin onartu zen.
Pentsiodunen ordezkariek bilkuran azaldu zuten emakumeak langile ikusezinak izan direla eta haiek bizi dutela egoera okerrena. Gutxien dutenen alde egiteko dei egin zuten. Mozioa bera "gizartean pentsioen inguruko eztabaida zabaltzeko palankatzat" jo zuten.