Urte akaberan “Navarrorum” erakusketa ekarriko dute

Guaixe 2018ko api. 10a, 10:16

Euskarabideak Nafarroan barna zabalduko du Navarrorum. Euskararen gaineko dokumentu nafarren bi mila urteko ondarea erakusketa

Nafarroako Errege Artxibo Nagusian irailaren 21etik ilbeltzaren akabera arte ikusgai izan ondoren, eta hainbat udalen eskaera jaso ondoren, Euskarabideak erabaki du “Navarrorum. Euskararen gaineko dokumentu nafarren bi mila urteko ondarea” Nafarroan barna mugitzea. Behin-behineko egutegiaren arabera abenduaren 1etik 23ra bitartean Altsasun ikusgai izanen litzateke.

Euskararen “nafartasuna” da Navarrorum. Euskararen gaineko dokumentu nafarren bi mila urteko ondarea erakusketaren ardatz nagusia. Bertan, Nafarroari dagozkion dokumentuak bildu dira, Nafarroan idatzitakoak zein nafarrek landutakoak. Aldi berean, komunitateak euskararen bilakaeran izan duen garrantzi berezia islatzen du. “Hemengoak dira, hain zuzen ere, Pirinioen hegoaldean euskaraz idatzitako lehen hitzak. Bai, historian barrena, euskara izan da Nafarroako esentzia kulturala eta Nafarroa izan da, Pirinioen bi aldeetan, euskararen mundua dinamizatu duen ardatza”, erakusketari buruzko informazioan azaldu denez.

Obren katalogoa
Erakusketan ikusgai dauden dokumentu gehienak Nafarroako Errege Artxibo Nagusikoak eta Nafarroako Gobernuaren menpeko beste zentro dokumental batzuetakoak dira, besteak beste,Nafarroako Museoa, Nafarroako Liburutegi Nagusia, Kaputxinoen Liburutegia, Nafarroako Unibertsitateko Liburutegia, Iruñeko Katedraleko Artxiboa, Iruñeko Elizbarrutiko Artxiboa, Gaiarre Museo-etxea, Nafarroako Kutxa Fundazioa eta Iruñeko Udal Artxiboa. Era berean, Madril, Santiago de Compostela, Bilbo, Paris (Frantzia), Oxford (Erresuma Batua), Chicago (USA) eta Tombouctou (Mali) hirietako artxiboetatik ekarritako piezak ere ikus daitezke.

Erakusketak euskarari buruzko azalpen historikoa eskaini nahi du hizkuntzaren egungo egoera dagokion testuinguruan kokatzeko. Helburua, oroz gain, hizkuntzaren balio kulturala nabarmentzea da. Horren harira, Navarrorum euskarari ondare kultural gisa egindako aitorpen publikoa da, hizkuntza zaindu eta sustatzeak duen garrantzia azpimarratzeko.

Erakusketa Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuak antolatu du Euskarabidearen lankidetzaz, eta azken hori ikus-entzunezko edukiak lantzeaz arduratu da, material dokumentalak erakusketatik harago iraun dezan. Honela, arreta berezia egin zaio Nafarroako ondare kulturala zabaltzeari, horixe baita Kulturako Zuzendaritza Nagusiaren eginkizun nagusietakoa.