Giro bikaina Altsasukoak Aske 3x3 Txapelketan

Guaixe 2018ko api. 12a, 11:02

10 talde lehiatu ziren eta Berako Libre eta Etxean taldea izan zen txapelduna

Altsasuko CBASK saskibaloi Taldeak, Altsasuko Gazte Asanbladak eta Altsasuko Udalak Altsasukoak Aske 3x3 Saskibaloi Txapelketa antolatu zuten martxoaren 31n, larunbatarekin, Zelandi kiroldegian. Antolakuntzatik adierazi dutenez, “Nahiz eta Aste Santua datarik aproposena ez izan, jende asko oporretara doalako, 10 taldek parte hartu zuten txapelketan, zifra oso polita”.

Talde gehienak sakandarrez osatuta zeuden, Beratik etorritako talde bat izan ezik. Antolakuntzak 10 taldeak bost taldez osatutako bi multzotan banatu zituen eta talde guztiek gutxienez 4 partida jokatzeko aukera izan zuten. Giro bikaina izan zen txapelketan.

Fisura talde sakandarra eta Libre eta etxean talde beratarra sailkatu ziren finalerako. Lehia oso estuan, azkenean beratarrak gailendu ziren, 14 eta 16ko emaitzarekin.

Egun osoko festa izan zen, bazkaria antolatu baitzuten Amandrea elkartean eta gauean gaupasa izan baitzen gaztetxean.

CBASK-ek atseden
Nafarroako Gizonezkoen I. Maila autonomikoan Oberenaren kontra jokatzekoa zen Altsasuko CBASK aurreko asteburuan, baina partida apirilaren 25era atzeratu zuten bi taldeek. Hala ere, CBASK-ek jarraitzen du lider (37+8). Asteburu honetan atseden jardunaldia du CBASK-ek.