Larunbatean Altsasuko Mendigoizaleak taldeak antolatutako XI. Hiru Mendizerrak mendi martxaren txanda izan zen. 450 parte-hartzaileek izena emana zuten baina horietatik 380k parte hartu zuten. Eguraldi kaskarrak pasa den urtean baina jende gutxiago parte hartzea eragin zuen. Aipatzekoa da partaide gehienak Sakanatik kanpokoak zirela.
Altsasuko proba ez lehiakorra da, ez da klasifikaziorik egiten. Nafarroako Iraupen Luzeko Mendi Ibilaldien XI. Txapelketa mustu zuen, eta, horretaz gain, Euskal Herriko Ibilbide Luzeen Zirkuiturako puntuagarria da. Urtero bezala, bi ibilbide mota zeuden, motza eta luzea. Mendizale gehienek ibilbide luzea aukeratu zuten, baina askok motza edo tartekoa (Sozarretako puntutik Altsasura buelta ematen duena) egiten amaitu zuten. Orokorrean, parte-hartzaileek martxa harrera onaz hartzen dute baina aurten, eguraldiak asko egin zuen kontran.
Antolakuntzan guztira 50 lagun bildu ziren, basoan eta hornikuntza puntuetan. Eguraldi kaxkarrari aurre egiten nahikoa lan izan zuten, baina eguraldia kenduta, probaren lasaitasuna nagusitu zuten. Izan ere, ezbehar gutxi egon ziren, bihurdura bat eta basoan galdutako beste bat.
Aurtengo martxan, antolatzaileek, Altsasu Auziko senideei babesa eman nahi izan zieten eta partaideak larunbateko Iruñeko manifestaziora animatu nahi zituzten. Hortaz, probaren hasiera Altsasukoak Aske leloa zeukan pankarta baten atzetik izan zen. Senide batek, Haizea Ramirez de Aldak, lau momotxorroekin batera, mendi martxari hasiera eman zion. Gainera, ibilbidean zehar zeuden zinta guztiak Altsasukoen aldeko pegatinaz beteta zeuden eta hornikuntzako 5 puntuetan Altsasukoak Askeko pankartak zeuden, Altsasuko Gurasoak utzitakoak. Helmugan diru bilketako kutxa bat zegoen.
Altsasuko Mendigoizale taldetik, parte-hartzaileei eskerrak eman nahi zizkieten martxa egiteagatik eta hasierako ekitaldiaren abegiarengatik. Eta Iruñean datorren larunbatean egingo den manifestazioan berriz elkar ikustea espero dute.