Altsasu, Europako boluntarioen treba-leku

Guaixe 2018ko api. 11a, 13:13

Argazkia: UTZITAKOA

Europako Boluntariotza Zerbitzuak antolatutako prestakuntza ikastaroa hartu du Altsasuko Otadiako Kristo Deuna aterpeak. 14 lurraldeetako (Armenia, Alemania, Belgika, Italia, Eslovenia, Kroazia, Grezia, Holanda, Frantzia, Portugal, Polonia, Errumania, Turkia eta Suedia)26 gazte dira larunbataz geroztik eta asteazkeneraino trebatzen ari direnak. Parte-hartzaile guztiak ondoren hainbat erkidego autonomikoetan boluntario lanak eginen dituzte.

Nafarroako Kirol eta Gazteria Institutuko zuzendari kudeatzaile Ruben Goñik bisitatu zituen astelehenean. Hark nabarmendu zuen Europako Boluntariotza Zerbitzuarendako “esperientziak trukatzea eta trebakuntzan berritzeak duen garrantzia. Baita gazteen bizitzarako eta gizarterako haien gaitasunak garatzea ere”.

Bestalde, aurten boluntario nafarrak biltzeko topaketa antolatu du Europako Boluntariotza Zerbitzuak. Joan den urtean zerbitzu horretan aritu ziren gazte nafarren topaketa izan nahi du eta haien esperientziak partekatzeko eta boluntariotza ikusgarri egiteko balioko du topaketak. Altsasuko aterpean izanen da, maiatzaren 18tik 20ra.