Hartza ahizpendako Karlos III.a Prestuaren Gurutzea

Guaixe 2018ko api. 18a, 13:43

Nafarroako Gobernuak gaurko bilkuran erabaki du Karlos III.a Prestuaren Gurutzea bederatzi pertsona eta erakunderi ematea. Aitortza horrekin “Foru Erkidegoaren garapenaren, babesaren, eta itzalaren alde ekarpen nabarmena” egin dutenen lana aitortu nahi du gobernuak. Aitortza jasoko dutenen artean daude Hartza ahizpa altsasuarrak.

Biografia
Julia, Juana Mari eta Manoli Hartza Sueskun ahizpak Altsasun jaio ziren. Gaztetan artzain izan ziren Urbasan. Aita gazte hil zitzaien. “Ekintzaileak ziren eta euren kabuz Iruñean izan den jatetxe ospetsuenetako bat martxan jarri zuten: Hartza”.

Jatetxeak Iruñeko Labrit kaleko lehen pisu batean zabaldu zituen ateak 1971n. Michelin izar bat lortu zuten estatuko aurreneko emakumeak izan ziren, 1982an. Bi urte geroago atentatua izan zuten: eskuin muturreko pistolari batek bertatik bertara tiro egin zion Manoliri. Gertakari horren ondoren, 1985ean, kale berean lorategia zuen etxe batera lekualdatu zuten jatetxea eta han aritu ziren lanean 2009an ateak itxi eta hiru ahizpak jubilatu ziren arte.

Hartza jatetxea  tradizio- eta produktu-sukaldaritzaren Nafarroako erreferenteetako bat izan zen. Michelin izarrarekin edo gabe, jatetxea Iruñeko ezagunenetako bat izan zen, kritikari eta publikoaren aitortza izan zuen. Tradizio-sukaldaritzaren aldeko hautua egin arren, hiru ahizpek platerak prestatzerakoan ez zioten irudimenari eta berritasunari uko egin, izpiritu berritzaileak etengabe ikastera bulkatu baitzituen. Haiek ziren urtero Bidasoako aurreneko izokina erosten zutenak. Julia, Juana Mari eta Manoli ahizpei Nafarroako ohiko sukaldaritza herrialdean eta kanpoan zabaltzeko egindako lana aitortu diete.

Aurretik ere bestelako aitortzak jaso dituzte. 2011ko Sakandarren Egunean omenduak izan ziren. Azaroan, berriz, Nafarroako gastronomiaren damak izendapena jaso zuten.

Joan den urtean aitortza hori Uharte Arakilgo Aralar Mendi elkarteak jaso zuen, 50 urte bete zituen Artzain Egunaren antolaketagatik.  

Karlos III.aren Gurutzea
Nafarroako Karlos III. Prestuaren Gurutzea kondekorazioa 1997. urtea sortu zuen Foru Gobernuak, Nafarroaren aurrerapenean eta Komunitatea kanpoan ezagutzera ematen nabarmen lagundu duten pertsonak eta erakundeak saritzeko, dagozkien jardueren esparru jakinetik. Foru dekretu bidez ematen da.

Sariak hain zuzen Karlos III. Noblearen izena hartu zuen. Nafarroako erregeen artean nabarmendu zen, bere izaera baketsu eta adiskidetzailearengatik, kulturaren eta artearen alde egindako ekimenengatik eta Europako gainerako gorteekin bake eta adiskidetasun harremanak ezartzeagatik.

Kondekorazioa gurutze esmaltatu bat da, eta Nafarroako Artxibo Orokorrean gordetzen den ezkozko errege-zigiluan agertzen den Karlos III. eseriaren irudia berregiten da, "Karolus regis navarre" legendaz inguratuta. Atzealdean Nafarroako ezkutua dago, "Nafarroako Foru Komunitatea" adierazpenaren eta "Cruz de Carlos III el Noble de Navarra" legendaren gainean.