Liburu-egunak aurkezpenak eta tailerra dakartza Altsasura

Guaixe 2018ko api. 23a, 09:11

Altsasuko udal liburutegiak Liburuaren Eguna dela eta lau hitzordu prestatu ditu aste honetarako. Gaur bertan Alfredo Alvaro Igoak Potroak odoletan liburua aurkeztuko du. Narrazio laburren bilduma sortu du etxarriarrak, egunerokotasunari erreparatzeko hainbat modu eskainiz. Baina, beti ere, gizon indartsuaren, gogorraren eta handi-mandiaren estereotipoarekin hautsi nahian, gizonak hainbat egoeratan ahul agertuz. Sei narrazio Jose Mari Morcilloren, Morkotsen ilustrazioekin lagunduta daude.

Bihar Jon Arretxeren txanda izanen da. Arbizuarrak La banda de Arruti liburuaren aurkezpena eginen du. Hasiera-hasieran ageri da konkistatu beharreko altxorra, lapurreta baten fruitu eta urmael batean gordeta omen dagoena. Altxor hori eskuratzeko ahaleginean lehiatuko dira nobelako pertsonaia nagusiak. Azpijokoz, intrigaz, gezurrez betetako trama batean, ezer ez da ematen duena. Zinema giroko sekuentziazio batekin, erritmo lasterrean garatzen da haria eta jazarpen grotesko batekin burutzen da. Bi liburu aurkezpen horiek 19:00etan izanen dira, kultur etxean.

Liburu Eguneko hurrengo hitzordua ostegunean izanen da. Lehen Hezkuntzako haurrendako munduko ipuinak tailerra izanen da Manolita Thundersen eskutik, 18:00etatik aurrera. Hartan izena emateko liburutegian eman behar da izena aurretik. Eta, despeditzeko, ostiralean, Patxi Zubizarreta idazlearen kulturartekotasunari buruzko hitzaldia izanen da. Haur, gazte eta helduen literatura idatzi du Zubizarretak. Lan haietako asko Marokon (Marrakex eta Atlas inguruan) kokatu ditu. Hainbat sari irabazi ditu. Familiarteko publikoarendako hitzaldia izanen da, euskaraz eta gazteleraz.