Amnesty Internationalek terrorismo karguak kentzeko eskatu du

Guaixe 2018ko api. 19a, 09:45

Giza eskubideen aldeko erakundea Altsasuko auziko epaiketan begirale ari da. AIko kideen iritziz ohiko auzitegi batek epaitu beharko zituen gertaerak

Amnesty Internationaleko (AI) Espainiako buru Esteban Beltranek esan duenez, “terrorismo tipoak modu neurrigabean zabaldu ditu Espainiako legediak, eta kasu hau horren adibidea da”. AIko kidearen iritziz aipatu legedia “zigor Zuzenbidearen eta Nazio Batuen Erakundearen hainbat errelatorek exijitutako argitasun eta zehaztasun irizpideetatik urrun dago”.

Beltranek aitortu du gertaerak “larriak” direla eta guardia civilek eta euren bikoteek “ikerketa judizial baterako eskubidea” dutela. Baina kezka adierazi du 2015ean Zigor Kodean egindako erreforma “terrorismoa ez diren jokabideak kalifikatzeko eta zigortzeko erabili daitekeelako”. Legearen erreforma “atzera pausotzat” jo du. Gertaeren ikerketa ohiko epaitegi batek egin beharko lukeela uste dute AIn. Bestetik, hiru auzipetuk behin-behineko espetxean urte eta erdi daramatela eta gogorarazi dutenez, “epaiketa aurreko kartzelaratzea ezohiko neurria izan behar du”.

Bidezko epaiketarako eskubidea izanik erakundeak kezka azaldu du “epaileek nahikoa argudiatu gabe defentsen proba eta lekuko garrantzitsuak atzera bota dituelako”. AIko kideek epaiketari adi erreparatuko diotela gaztigatu dute, “nazioarteko zuzenbidean jasotakoa bete dadin, hau da, alde guztiak bitarteko berak eta baldintza berdinak izan ditzaten”.

AIk jakinarazi du epaiketa aurretik auzipetuetako batzuekin, haien abokatuekin, familiekin, erasotuetako batekin eta Coviterekin elkartu dela. “Altsasun bizi den erasotu bakarrak dio erakundeen babesa apenas jaso duela eta iraindu egin dutela eta zenbait kalte jaso dituela. Delitu bortitz bategatik mina jaso duten pertsonen arreta bermatzea eta laguntza zerbitzuetarako erraztasunak ematea agintarien ardura da”.