Kadeteek XXXI. Burunda Trofeoa dute jokoan igandean Altsasun

Guaixe 2018ko api. 20a, 12:04

Burunda Txirrindularitza Taldeak antolatu du proba  

Igandean, goizeko 11:00etan abiatuko da, Altsasuko udaletxe paretik, Burunda Txirrindulari Klubak antolatutako kadete mailako XXXI. Burunda Txirrindulari Elkartea Trofeoa. Bertan kadete mailako puntako txirrindulariak bilduko dira, probak dituen 51 kilometroei aurre egiteko prest. Jakina, tartean egongo dira Sakanako bi taldeko txirrindulariak, Burundako Quesos Albeniz taldea eta Aralarko Intersport Irabia taldea. Proba Nafar Kirol Jolasetarako baliagarria da.

Hasieran Ziordiraino joko dute txirrindulariek, han buelta hartu eta zuzenean Bakaikuraino heltzeko. Buelta hartuta, atzera ere Ziordiraino iritsiko dira, han norabidez aldatzeko. Olaztin sartuta, Altamira igoko dute eta Altsasutik jaitsiko dute portua, zuzenean Iturmendiraino jotzeko. Han, norabide aldaketa egingo dute eta Altsasuraino iritsiko dira kadeteak, udaletxe pareko helmugaraino. Aurreikusten da ordu eta laurden pasa beharko dutela txirrindulariek Altsasuko proba osatzeko.